Getxoko Liburu Azokara 18.500 lagun hurreratu dira
2007-04-24 02:00 KultureaAlgortako Geltokiko plazara hurreratu ziranak Getxoko hamar liburu-dendaren standak bisitetako aukerea izan eben, literaturearen azken barriak, komikiak edota umeentzako ipuinak erosteko.
Getxoko Liburu Azokearen hamargarren ekitaldia amaitu barri da eta emoitzea ‘bikaina’ izan dala azpimarratu dabe antolatzaileek. Danetara, apirilaren 20tik 23ra bitartean 18.500 lagunek bisitau eben azokea (igaz 17.000 bisitari izan ziran). Aurten, zirkuaren mundua izan dau ardatz azokeak.
Algortako Geltokiko plazara hurreratu ziranak Getxoko hamar liburu-dendaren standak bisitetako aukerea izan eben, literaturearen azken barriak, komikiak edota umeentzako ipuinak erosteko. Aurtengo obrarik salduena Mikel Martinez argazkilari getxoztarraren ‘Getxoko Jaiak 2006: Photoalbum’ argazki bildumea izan da.
Izan be, bertoko autoreak izan dira salduenak 2007ko azokan: Ramiro Pinillaren ‘La higuera’ izan da gaztelaniazko libururik arrakastatsuena. Euskerazko salmenteari jagokonez, Unai Elorriagaren ‘Vredaman’ lana izan da salduena. Azkenik, ‘Kika supersorgina’ eta ‘Gerónimo Stilton’ bildumen liburuak izan dira gaztetxuen gustukoenak.
Ohikoa danez, hainbat ekitaldi izan ziran Azokan, horreetako gehienak aurtengo gaiari lotuta: zirkuaren mundua. Tailerrak, irakurteko txoko bat eta kontu-kontalari saioak izan ziran. Ganera, argazki zaharren erakusketa bat be egon zan; bertan, San Nikolaseko Liburutegiko argazki bildumako hainbat garaitako argazkiak egon ziran ikusgai. Azkenik, ohiko jentaurreko irakurketea egin zan, Getxoko ikasleen eskutik. Aurten, 300 ikaslek parte hartu eben ekitaldi horretan ipuinak zuzenean irakurriz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!