Estaduko arte eszenikoen sektorea Bilbon alkartuko da Antzerkiaren Nazinoarteko Egunaren bezperan

Bizkaie! 2007-03-23 01:00   Kulturea

Estadu espainiarreko arte eszenikoetako konpainiak batzen dituan alkarte nagusia Bilbon batuko da martiaren 26an, hainbat ekitaldiz osatutako jardunaldi batean. Ekitaldi honeek guztiak Antzerkiaren Nazinoarteko Egunaren bezperan egingo dira, ospakizuna martiaren 27an egingo baita mundu osoan.

Estadu espainiarreko arte eszenikoetako konpainiak batzen dituan alkarte nagusia Bilbon batuko da martiaren 26an, hainbat ekitaldiz osatutako jardunaldi batean. Ekitaldi honeek guztiak Antzerkiaren Nazinoarteko Egunaren bezperan egingo dira, ospakizuna martiaren 27an egingo baita mundu osoan.

Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, arte eszenikoen sektoreko enpresek Burtsa eraikinean (Zazpi Kaleetako udaltegian) egingo daben Estadu mailako topaketa bategaz. Arratsaldean, ‘Eszena sektorea, bihar-etzi’ izenburuko mahai-ingurua egingo da Bidebarrieta Liburutegiko areto nagusian, antzerkiaren eta dantzearen oraina eta zirriborratzen dabilzan joera nagusiak aztertzeko asmoz.

Azkenik, jardunaldia ospakizun bategaz amaituko da Kafe Antzokian, eta bertan, Antzerkiaren Nazinoarteko Egunaren aurtengo edizinoari jagokon manifestua irakurri eta umorezko sketch batzuk eskainiko dira.

Ekitaldi honeek guztiak FAETEDA alkarteak (Estaduko antzerki eta dantza arloko enpresa produktoreen alkartea, antzerki produkzinoaren % 80 baino gehiago sustatzen daben 180 enpresa batzen dituana) eta Eskenak (Euskadiko eszena-produkzinoko enpresen alkartea, konpainia garrantzitsuenetako 18 batzen dituana, Tanttaka, Markeliñe, Maskarada eta Kukubiltxo tarteko dirala, besteak beste) antolatu eta sustatu ditue. Era berean, jardunaldiak Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailaren babesa izango dau.

Daniel Martínez FAETEDAko presidentea da arte eszenikoen oraina eta geroari buruzko mahai-inguruan parte hartuko dabenetako bat. Martínez Grup Focus taldeko presidentea da eta 150 ikuskizun baino gehiago produzidu, 12.500 funtzino eskaini eta bost miloe ikusle erakarri ditu, eta 2002an Max Saria irabazi eban Antzerki Enpresaburu Onenaren kategorian.

Beragaz batera, ondokoak izango dira eztabaidan parte hartuko dabenak: Georgina Cisquella (telebistako ‘Miradas 2’ kultur albistegiaren zuzendaria), Ruben Gutierrez (Autoreen Alkarte Nagusiko Ikerketa arloko zuzendari nagusia) eta Mikel Gómez de Segura (Traspasos euskal konpainiaren eszena zuzendaria); Azkenik, Pilar López (Teatro Paraiso taldearen zuzendari eta Eskenako Zuzendaritza Taldeko kidea) izango da moderatzailea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu