Gaixorik

Erabiltzailearen aurpegia Anbotoko Haizorratza 2008-06-14 12:44   Euskerea berbagai

Txirritak bertsoakaz egiten eban lez, senide bati, arrebeari, eskatu deutsat nik ahoz esaten deutsadazan berbak berak idatziz emoteko. Gaixorik nago: martitzen iluntzean gorputzeko atal guztiak makaltzen hasi jatazan, eztarria zarratu eta tenperatura igotzeagaz batera.

Medikuaren arabera laringoamigdalitisa daukat, ogean astebete dopauta pasatu ezkero osatzen dan gaixoa. Lasai, ez nator pena emotera. Gaixo egoteak ezohiko gogoetak ekarri daustaz. Zaila da egungo gizartean geldi egotea. Gauzak gero eta azkarrago egiten doguz: lehengo gutunak berehalako mezu elektroniko dira orain, orduak gero eta kilometro gehiago daukaz, baina gorputza lehengo bera da. Egia da droga gero eta eraginkorragoak doguzala, baina hain onak ez dira izango astebeteko etena eskatzen badau eztarriko min txatxu batek.

Eta trenetik astebete jaitsi beharra larregi da; horregaitik jente asko, tartean ni neu, ez da trenetik jaisten ez baldin bada hiltzear dagoala. Trenak, ordea, hitz emon dau hiru egunetan Parisera helduko dala, eta bost barru Berlinera. Eta gidariei gaixo zagozala esaten deutsezunean, konturatzen zara zeure moduan egon danak ez dauela arazorik trena gelditzeko; egoera horren barri ez daukanak, ostera, onartzeko beste erremediorik ez dau izango, gaixotasunak legalak baitira, baina kostata ulertuko dau. Eta nekez ulertuko dau gaixotzearen arrazoiaren zati bat, agian, trenaren abiaduran datzala. Gaixotzeak badau gauza on bat: ezin dozu lan egin. Lan egitea arrazionala da oso, eta gaixotzeak ez dauka zentzurik. Gaixotzean ezin da ondo pentsau, begiak erraz nekatzen dira eta edozein posturak min emoten dau segundo gitxira. Gaixotzea emozionala da. Gaixoaldiko “denbora libreak” besterik gabe gaixotu zaran ala zeure osasunarekiko “negligentea” izan zaran pentsatzera bultzatzen zaitu. Eta bigarrenak azkenekoz noiz gaixotu zinaen gogorarazoko deutsu, eta urte baterako gaixoaldi larregi dirala ondorioztatuko dozu. Abiadura handiegia daroa trenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu