Aspaldi idatzitakoak

Erabiltzailearen aurpegia Anbotoko Haizorratza 2008-08-06 22:49   Musikea

Bizitearen lehen urteetan, gauza gatxa da lagunak eukitea zer dan ulertzea. Haginak urten barritan eta barriz jausi aurretik, gurasoek parkera eroaten zaitue lagunak egin dagizuzan. Baina zer dira lagunak? Noz bihurtzen dira ezagun bi alkarren lagun? Laguntasunak betiko irauten dau? Eta parkeko horreek zeure lagunak badira, zergaitik kendu gura deutsue baloia? Lagunak existiduten ete dira Donetes paketea amaitu eta gero?

Zein dira lagun onak, danean bai esaten deutsuenak edo danean egia dinoenak? Eta lagun txarrak baldin badagoz, zer dira etsaiak orduan? Dana barkatu behar jako lagun bati? Zelan berreskuratzen da konfiantzea, behin galdu ezkero? Lagun onak txakurrak baizen leialak dira, kristala baizen gardenak, ispiluak baizen argi adierazten dabe egia, mukizapi dira malko-aldietan eta barre-zantzo txisteetan, eta bat baino ez daukanak be, milioi bat aldiz eskertu degiola laguntasuna! Maitasuna Maite zaitut. Zenbat aldiz entzun ete dogu esaldi hori? Berbak higatu egiten dira, erabiliaren erabiliaz. Maitasuna, erreza da emoten eta ez hain erreza gordetzen. Maitasuna, persona batenganako erakarpenezko sentimendu bizia ei da, samurtasuna eta erakarpen fisikoa barne hartzen dauzena. Baina horretan hiztegia oker dabil, bere ama maite dauenak ez daukalako erakarpen fisikorik sentidu beharrik. Politagoa emoten dau beste definizino honek: norbait, sano gustuko edo atsegin dauen inor edo ezeren ona bilatzera edo haren alde egitera bultzatzen dauen sentimendua edo joerea. Horren arabera, nahikoa da maitatzeko borondatea izatea ingurukoen edartasuna ikusteko. Betaurrekoak aldatzea baizen erreza emoten dau, ingurukoak beste era batera ikustea baino ez da.

Eta holan, maite zaitut sarri entzungo da, baina soilik hala sentitzen dalako, eta sekula higatu barik.
Musika Handia da musikak daukan boterea. Triste gagozala, kantu alai batek geure aldartea aldatzeko balio leike: “Hau dok, hau dok, hau dok umorea, kontsolatzeko, kontsolatzeko, euskaldun jendea.” Eta kantu triste batek gauza bera egin leike: Zer dun, zer dun ene alaba -Mariela maite dut aita -Ez al dun ulertzen, ezinezkoa da, jauntxoaren emaztea zara. Azken batean, musikeak mundua ulertzen laguntzen deusku, edota mundua baino gehiago: Globo txiki nimiño bat, hori da mundu urdina, unibertsoa barrutik entenditzeko egina. Bizitzaren oinarriak ezartzen laguntzen deusku: Mendi-bitxidor berdeok, arin hor doaz kantari: Dana emon behar jako maite dan askatasunari. Bizitzaren une garrantzitsuen soinu-bandea da: Zuretzat ilargia lapurtuko nuke gauero, eta zu itsu zaude bere argia ikusteko.

Eta musikea ez da bakarrik entzuteko: Kantuz sortu naiz eta kantuz nahi bizi, kantuz igortzen ditut nik penak ihesi.
Lagunak Asteak asteburua daukan lez, urteak udaldiko oporrak eta jai-giroa daukaz. Gorputzak atseden hartu eta dibertitzeko tarteak behar dauz, eta ikasturtean zehar lan baino egin ez dauenak eskubidea dauka jairik jai ibiltzeko. Jaien helburua bertaratutakoak dibertitzea baino ez da. Euskal Herrian gehienetan jan-edanaz, musikaz, jantzaz, jokoz, eta abarrez eratzen dira. Umetan gurasoakaz ibiltzen zara jairik jai, baina ailegaten da gurasoei aurrera egiten ixteko unea. Konponduko dira seme-alaben laguntasunik barik. Izan be, inork ez dauelako bere burua imajinetan Ken Zazpiren kontzertu bateko lehenengo lerroan, ondoan bere ama, aita, izeko eta osaba daukazala. Agian bai, baina ez beti eta betiko. Lehenengo aldietan bai, baina gero itxi beharko jakie euren gustuko kontzertuetara joaten. Bakotxak bere gustuak daukazalako. Mundua Borobila ei da mundua, baina ez da borobila. Itsasoak jantzi urdin iluna erosi dau, ozono geruzaren soinekoak adabakiak behar dauz, ipar poloak kalenturea dauka eta desertuei gero eta gehiago gustetan jakie berdurea. Ama naturaren mugei muga gehiago jarri deutsoz gizakiak, askatasunaren izenean. Orain, esaten dabe askatasuna zer den ondoen dakienak presoak dirala. Berdintasuna eskubidea da hondino, ez betebeharra. Bakea danok nahi dogun zerbait ei da, baina danok gura badogu, zergaitik ez da lortu honezkero. Agian bakeak eta bakeak dagoz. Agian bakea ez da gerrarik eza, gerrarik nahi eza baino. Nahasmen handia dago. Elkartasuna eta errukia ez dira gauza bera. Eskubideak ez dira pribilegioak. Berbea errez emoten da, eta ez da beti betetzen. Ez dago argi munduan zenbat mundu dagoan be. Bakotxa mundu bat da eta danak gara mundu bat. Hori bai, norberak erabagiten dau zein mundutan bizi gura dauen.

Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienek ikasten ez dabelako, dakienek berba egiten ez dabelako baino. Euskerea, munduko hizkuntzarik zaharrenetarikoa, hizkuntza txikia, danok jagon beharrekoa, geure lehenengo berbea ingelesez, frantsesez edo alemanez berba egiten dan herrietan, jenteak zergaitik erabilten dau hizkuntza hori? Bere herriko hizkuntzea dalako, besterik barik? Ala herri horretan biziteko balio deutsolako? Milaka eta milaka persona euskeraz bizi dira. Horreentzat, euskerea guaya da: ez dakie zelan esaten dan erderaz lerdemerke sudur-handi edo potrozorri zapasto, baina ez daukie horren beharrik, euskeraz behar daben dana daukielako. Askok pentsetan dau euskerea arrain bat akuariotik kanpo baino galduago dagoala, baina arraintxo hori bizi-bizirik dago eta ez dau arrain handiago batek iruntsiko, euskereak lebatza eta piraña izaten dakielako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu