Klima-aldaketea

Erabiltzailearen aurpegia Anbotoko Haizorratza 2007-10-08 17:06   Jan edanak

Geure arrebak bere lehen idazkia argitaratu da, BERRIAren Matraka gehigarrian hain zuzen be. Eta niri asko gustau jatanez, hona ekartzea erabagi dot, hori bai, bizkaierara parajetuta. Ea zer iruditzen jatzuen!

taus.jpg

Kaixo, Mireia daukat izena, bederatzi urte daukadaz eta Algortan bizi naz. Hiru neba arreba daukadaz, Fredi, Xabi eta Itxaso. Nire lagunik onena Garazi deitzen da eta nire txakurra Kopla. Gaur kulero gorriak daroadaz.

Aurten udako arropea ez dogu amamaren etxeko trastelekuan gordeko urtero lez. Sandaliekin batera gordeko doguz artilezko jertseak. Eskerrak aitatxok lehengoan Ikean armairu barria erosi eustan, Garazik daukanaren modukoa.

Garazik eta biok edarto pasetan dogu alkarregaz. Bere gurasoek egun osoko beharra daukeenez, telebista aurrean pasetan dituz arrastiak, amamak artilezko jertseak egiten deutsozan bitartean. Azkura emoten deutsoe eta gorroto dituz, baina ez ezer esan amamari.

Amak dino, Garaziri lez, Klima-aldaketa deitutako neskato pinpirin bati ez jakola neguko arropea gustetan eta kamiseta tiranteduna jantzi gura dauen bakotxean Eguzki jaunari deitzen deutsola, negu zein udabarri izan. Ahozabalik itxi nau amak neskato boteretsu horren barri emotean, eta ikastolan inork ezagutzen ete dauen itaundu dot.

Inguruneko maisuak neskatoa fenomeno bat dala esan deust; auskalo zenbat Bikain atarako dituzen. Matematika andereñoak inkognita deitu deutso, agian biderketa-taulak memoriaz ikasteko ahalmen magikoa daukalako. Halan be, musikako irakaslearen erantzunak nahastu nau: “ Mozartek ez eban kalte handiagorik egingo baldin eta musikea itxi eta txirrindulari sartu izan balitz”.

Beste irakasleek keinu berezi bat egin dabe nire itauna entzunda, etxeko lanak egiten ez doguzanean egiten dogun hori berori, hain zuzen be. ( Amari ez esan keinu hori esperientzia propioagatik ezagutzen dodanik, mesedez). Andereño Mari Josek ondo ezagutzen dauela esan deusku eta barrez lehertu da mesedez eskatu deutsodanean jakinaraz dagion bihar euria egitea gustauko litxakitela.

Garaziri ere ezagutzen ete dauen galdetu deutsot. Begirada gora zuzendu eta atzamar batekin sudur punta igurtzi ostean erantzun deust: “ Hori da! Autobus Magikoa telesailean protagonista izan zan berrogeita zazpi eta berrogeita zortzigarren kapituluetan”.

Fredi etorri jat ikastolara bila. Bidean Klima-aldaketa ospetsua ezagutzen ete dauen galdetu orduko auskalo ze hizkuntzatan hasi jatan: “Kapitalismoak sortutako estrategia neoliberalaren ondorioz...”.
Etxera ailegau eta Xabiri galdera bardina: “Ba neskato hori Kuban bizi zan uda partean, eta Norvegiara alde egiten eban neguan. Orain, ostera, hiru egun egiten dituz han eta beste hiru hemen. Oso neskatila berekoia da eta eguraldia maletan sartuta bidaiatzen dabil mundu osoan zehar. Aurten bidaia asko egin dituz; horregaitik udan hiru egunetik behin euria egin izan dau, gero beroa, hurrengoan txingorra…”

Hurrengo goizean Itxasok: “ Nik neuk ez, baino ezagutzen dauen inor aurkituz gero, esan egiozu koadrilakook lokala lortu dogula eta ez garala bere beldur”.
Uste dot jente askok ez dauela Klima-aldaketa larregi maite. Nik begiko dot, izan be, Andereño Mari Josek barre egin eban atzo, baina gaur euria egin dau.


Itxaso Paia

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu