Antzerkia, txontxongiloak eta jantzea
2007-05-28 14:36 Bidaide Erreflexino-egunean politikeaz pentsau behar ez dala eta, zapatua herritik kanpora ibilteko aprobetxau genduan. Goizean goiz Oiartzunera joan ginan, Lankuk antolatutako Lankutegira: bertsolaritzearen eta antzerkiaren arteko loturak lantzea daukien lau saiok osatzen dabez aurtengo jardunaldiak. Joan dan zapatuan Aizpea Goenagagaz egoteko aukerea izan genduan, eta bertso-eskoletan egiteko ariketa askoren barri emon euskun. Antzerkiak asko emon leikio bertsolaritzeari. Arrastian Lekunberrira joan ginan. Lagun batzuek ikuskizun bat prestatu dabe: bertsoak eta txontxongiloak uztartzen dabez ume txikienentzat. Zapatukoa entsegu orokorra izan zan eta, halan be, aretoa umez bete jakien. Gazte txartela laster kenduko badeuskue be, ume sentitzeko motiborik ez jakun faltau. Umeek lez pasau ostean, etxera joateko ordua zan, baina bape gogorik barik, egunkaria koiu genduan alternatiba bila. Eta Getarian sorpresa edarra topau genduan: Herritar asko eta asko "kaxeritoz" jantzita egozan, Tapia eta Leturiaren erritmoan jantzan hasteko prest. Erromeria bina fandango eta arin-arinegaz hasi zan, eta laster jantza barriak ikasten jarri eben herri osoa. Une hartan, erreflexino-egunaren seinale, gogoeta bi egin nebazan: Batetik, Tapia eta Leturia geure herrian egon ziranean, Getxon, musikariek ganerako egunetan lortu ezin zan zerbait erraz asko lortu eben jantzearen bitartez: saltoka eta pausoka hasi eta bikoteak aldatzen hasi ginan, eta sekula alkarregaz ikusi bakoak eskutik ebatuta ikusi genduzan. Izan be, ideologiak korroak egiten dauz erromerietan. Bestetik, herri euskaldun batekiko inbiria sentidu neban. Kontua ez da bakarrik jantzariak izatea herrian (Getxon asko dagoz), baizik eta jantzariok euskeraz entzutea. Getarian hori nabarmena zan, edo, hobeto esanda, normala, arrunta (zelan ez eben euskeraz egingo). Akabo erreflexinoak, erdu jantzara!Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!