Bertsoak itzul leitekez?
2007-05-04 17:23 Joan dan milurtearen azken urtea zan Vigora joan ginanean Oihane Perea, Aitor Sarriegi eta hirurok. Arabarra eta gipuzkoarra bertsotan joan ziran, eta hirugarrena, itzultzaile. Itzelezko gogoa neukan hiru-lau eguneko biajetxo bat egiteko, eta ez neutson gehiegi erreparatu neure beharrari. Vigora ailegau eta regueifeiroak ezagutu genduzan. Euren saioaren ostean geuri tokau jakun oholtzara igotzea. Ordurako larritzen hasita nengoan, baina tabladu ganean ez neban pentsauko halako gogorrak izango zanik kontua. Bertsoak banan-banan entzun eta apunteak hartzen nebazan. Bertsolariak kantetan amaitu ostean, mikrora parajetu eta itzulpen arin-arina [polisemia kontuan izan] egiten neban. Barregarriena zera izan zan: saio akaberan, jaialdiaren antolatzaileak esan euskun gehiena itzultzailea gustau jakola. Euskeraz ez ekiela kontuan izanda, zelan ez naiakon gustagarriago egingo ba! Ordutik saio askotan tokau jat itzultzaile egitea. Euskal Herritik kanpora behin baino ez nabe deitu bertsotarako. Ganerakoetan Andoni Egaña, Jon Maia, Jon Martin, Ainhoa Agirreazaldegi eta beste hainbaten bitartekari izan naz. Gauza edarra da itzultzaile lana egitea atzerrian: bertsolarien txaloak norberak jasotzen dauz. Saio eta saikera horreen guztien emoitzea artikulutxo batean batu neban orain gitxi. Gertatutakoak eta gerta leitekezanak aztertu guran, hurrengo martitzenean, maiatzaren 8an, Mondragon Unibertsitatearen HUHEZI fakultadean saio esperimental bat izango da fakultadeak antolatutako 9. Literatura astean.  Saioan bertsoen eta itzulpengintzaren arteko loturea aztertzen saiatuko naz; laborategiko langintza horretarako, Andoni Egaña eta Onintza Enbeita hartu dodaz akuri. Gai-jartzaile lanetan Eneko Beretxinaga HUHEZIko ikaslea ibiliko da, entzuleek gairen bat edo beste jartzeko aukerarik izango badabe be. Erdu bertso-itzulpenakaz olgetan!Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!