Berben siketea

Erabiltzailearen aurpegia Anbotoko Haizorratza 2007-01-20 19:03

Malkoek ixten baldin badeustie, Euskaltzaindira deitu behar dot lehenbailehen.

Malkoek ixten baldin badeustie, Euskaltzaindira deitu behar dot lehenbailehen. Telefonoa hartzen deustan lehen euskaltzainari esango deutsat ura hatxez idatziko dala aurrerantzean, hatxez eta hatxez bakarrik, oroimenak ez daian minik hartu gogoratzen behin bizi izan gintuen hura.

Izerdiak ixten baldin badeust, arineketan joan behar dot Iurretako ETBko estudioetara. Harrera egiten deustan lehenengo kazetariari esango deutsat euriaren irudia ezabatu daiala eguraldiaren mapatik, munduak ez baitau barriz harridurazko ikur likidoen segida beherakorrik ezagutuko.

Egarriak ixten baldin badeust, ahalik eta azkarren parajetuko naz hondartzara. Han, bere indarra neure parean lehertzen dauen lehenengo olatuari esango deutsat Jesukristori emon eutson baimena emon deiola gizaki orori, aurrerantzean busti, blai, dzanga eta murgildu berbek ez baitabe orainaldirik izango.

Azal lehorrak ixten baldin badeust, arrastaka hurreratuko naz Lurra planetearen jatetxera. Bertan menua ekarten deustan lehenengo zerbitzariari esango deutsat ez daiala zoparik jarri nire eulian, edota ez deistela edalontzirik imini mahai ganean, edan aditza sekula zabalduko ez dan erreserbako ardaoa izango dalako.

Malkorik barik, izerdirik isuri gabe, eztarria siku eta azala lehorrago, neure azkenak esanda lurraren basamortuan urtuko naz, esperantzaren emaritik sortu daiten itsasozko mundurik oparoena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu