Itzulpenaren metaforak Lertxundiren lumatik
2020-01-14 08:39Anjel Lertxundiren Itzuliz usu begiak lanaren irakurketeagaz akabau eta hasi dot urtea.
Sarrerea:
Itzuliz usu begiak lanaren irakurketeagaz akabau eta hasi dot urtea, eta horrexegaz hasiko dot 2020ko blogeko sarreren katea.
Berba egin neike Lertxundik batua VS euskalkia eztabaidearen ganean egiten dituan gogoeta interesgarriez, edo batez bere hezkuntzan bolo-bolo dabilen euskera didaktiko dietetiko praktikoaz, edo jatorrizko testuen eta testu itzulien askotariko bersinoen artean egiten dituan erkaketa ezin interesgarriagoez... Baia, aurreko urteetako geure obsesino txikiei eutsita, Lertxundik itzulpenaz dabilela erabilitako edo gogorarazoten deuskuzan metaforak batuko dodaz hemen, beste askotan egin legetxe (ikusi, berbarako, Metaforaz metafora itzulpenaren bila zein Itzulpenaren metaforak izenburupean idatzitako postak zein Itzulpena: salto egitea eta enpatia ariketea lango post galduak).
Testua:
Alberdaniak argitaratutako Itzuliz usu begiak saio-laneko Fantasmak, prostituzinoa eta beste metafora batzuk izeneko teselan (129-134 orrialdeak) itzulpenaren ganeko hainbat metafora batzen ditu Lertxundik. Gogorazoten deuskuz, hasiera baten, ondo ezagunak diran bitartekaritzarena eta zubiarena, kasurako. Bitartekaritzarena apur bat lehenago egiten dauan aitamenagaz lotu daiteke. Hain zuzen be, hauxe dino-eta 123. orrialdean:
(…) txango egiten dau beste hizkuntza batera, irrakurriz baizen ezagutzen ez dauen idazle baten eta haren hizkuntzearen mundura, haren maisulan bat ahalik eta zuzenen jaso eta haregaz itzultzeko gogoz. Fruitua umotutakoan, etxera bueltetea dau helburu, maisulanaren itzulpena maleta nano baten itxurako pendrive batean dauela, eta etxeko irakurleak barriro ikusteko ilusinoagaz, baina baita itzultzailearen darama, gizakia bera bezain zaharra, biziteko bildurrez be.
Bitxiagoak datoz gero, kapituluan aurrera egin ahala, itzultzailea eta tximinoa parekatzen diranekoa, berbarako; izan bere autoreak egiten dituan imintzio bardinak egin behar ditu itzultzaileak. Sabeliztunarena be bide berekoa da: itzultzaileak bere ahotsa ipinten deutso autorearen irudiz ikusgai ipinten dan panpinari.
Itzultzailea eta fantasmea be lotzen ditu aitatutako kapituluan Lertxundik, eta dino ikusezin ibilten dala itzultzailea, fantasma bat balitz legez, hormak barik liburuen azalak eta orrialdeak zeharkatuta. Horrezaz gan, Lertxundik azaltzen dau itzultzaileak arkitektuak dirala esan ei ebala Kunderak, eta jainkoaren arerioakk dirala be esan izan dala, Babelgo torreak eragindako nahastearen kontra gehien egin dabenak diralako.
Lertxundik dakarrenez, prostituzinoagaz bere lotu izan da itzulpena, bi-biak dirala ta lanbiderik zaharrenak. Miguél Sáenzek esanak aitatzen ditu: Bada esan dauenik itzulpena eta prostituzinoa gauza bera dirala, biek praktiketan dabelako diruaren truke egitea berez maitasunagaitik egin beharko litzatekeena. Itzultzaile espioiaren irudiagaz akabetan dau Lertxundik arestian aitatutako saio-zatia.
Horreez gan, liburuan zehar egiten deutso erreferentzia beste irudi batzuri be, eta horren artean bi nabarmenduko neukez: maletearena eta aktorearena. Lertxundik gogorarazoten deusku Marguerite Yourcenarrek edegitako maleta bategaz konparetan dauela itzulpena: jantzi bat sartzen dozu bertan. Laster bururatzen jatzu ez ete dan egokiagoa beste bat. Lehenengo jantziari begiratzen deutsazu barriro, hari ondo zer joakon jakiteko. Beste jantzi bat sartzen dozu. Ondo al datoz, batek ez al dau bestea ukatzen? Orain konbentziuta zagoz ezetz. Beste hainbat konbinaketaren ondoren, hornidu samartu dozu maletea. Eta, holan, pixkanaka, itzultzaileak maletea bete dau (107. orrialdea).
Lehentxuago esandako moduan, aktoreakaz be lotzen dau itzultzailea Lertxundik: emoten jakon rola jokatu behar dau, eta kontratuak dino emondako personaiaren zelangotasuna deontologia jakin baten arabera interpretau behar dauela (347. orrialdea).
Poztu gaitu jakiteak, tximileta-batzaileak zelan, halan ibili dala Lertxundi bera be, guk askotan egin legetxe, itzulpenaren inguruko metaforak atrapetan. Edozelan be, beti da plazer bat Lertxundi irakurtea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!