Zer da bertsoa Parisen?

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2019-12-13 10:31

Gatxa izaten da atzerrian Bertsolaritzea zer dan azaldutea, bertsoak ez diralako poemak, bertsolariak ez diralako kantariak, eta lekuan-lekuan aldatu egiten diralako adierazpen inprobisatuak. Parisen, zelan azaldu eta zelan landu bertsoa?

What is bertsolaritza ikus-entzunezkoa sortu zan bertsolaritza atzerrian azaltzeko bidea errazteko, eta joan zan udan atzerriko lektoretzetan bideoa lantzeko proposamen bat aurkeztu genduan. 

Joan zan euskeraren eguna dala eta, Sorbonne Nouvelle Paris-3 unibersidadeko euskera eta euskal kultura ikasleakaz mintegi bat egiteko erea euki neban, bertako lektoreak gonbidauta. Bertsolaritzearen ganeko mintegiaz gan, Franc Dolosorrek sortutako Estitxu filma dokumentala ikusteko modua izan genduan, egilea bertan zala proiekzinoaren osteko eztabaidarako.  

What is bertsolaritza ikus-entzunezkoaren gakoetako bat, gidoiaren muina hartzen dauena, bertsolaritzatik kanpoko kultur eragileek bertsolaritzearen definizino bat emotean datza. Bada, hori berori probau genduan Paris 3 unibersidadeko ikasleakaz. Beren kultur esparrutik eta beren kultur adierazpideetatik abiatuta, bertsolaritzea definiduten ahalegindu ziran talde-lanerako dinamika bat egin ostean. Nor bere jakintzetatik, bizipenetatik eta kulturatik abiatu ziran. 

Galiziarrek, berbarako, bertsoa eta regueifa konparau zituen. Ezagun dira gure artean regueifeiroak, eta gurean egon be egon izan dira bertsolariakaz batera kantuan. Regueibertso da bi adierazpideen loturatik sortutako ekimenetako bat, kasurako. Irlandar jatorriko ikasle batek bertsoa eta Sean-nós abestigintza herrikoia konparau zituan, txapelketearen inguruan sortutako mobimentuari lotuta, baina inprobisazinoaren alderdian dagozan aldeak nabarmenduta. 

Surrealistakaz be lotu ziran bertsoak Pariseko mintegian, hain zuzen bere cadavre exquis izeneko berba-olgeteagaz. Umetan seguruena bere danok olgau dogu horretan: batek istorioaren pasarte bat idatzi papel baten, eta papela tolestu egiten dau, azken lerroa bakarrik itxita agirian. Papela hurrengo lagunari pasetan jako eta harek, istorioari segidea emoten deutso, baina azken berbeari baino ezin deutse segidu. Halan da ze, apurka-apurka istorioaren parte bat misterioa dala, taldean istorio bat sortzen da. Lan kooperatibo hori nabarmendu eban mintegiko parte-hartzaileetako batek, bertsoak, azken baten, taldean sortuten diralako, bertsolarien euren artean eta bertsolarien eta publikoaren artean. Horrez gan, akabura arteko inkognitea bere lotu eban paristarrak bertsoagaz: izan be, akabura arte ez da cadavre exquis egiteko erabilten dan papela destolesten eta istorioa ezagututen; bada, bertsoetan be, akabura arte itxaroten dau entzuleak azken golpea entzuteko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu