Autobuseko gogoetak
2019-09-17 08:20Hara ba, hor noa ni ikasleak torturetan.
Geralekuan bakarrik ikusi dot neure burua eta pentsau dot ez ete nazen orduz konfundidu, edo ez ete daben ordutegia aldatu. Udaletxeko ordulariari begiratzeagaz bat akordura etorri jat igaz ikasle bategaz topo egiten nebala autobusa goizeko ordu horretan hartzen nenduanean, eta halan jakiten genduala biok ez genduala autobusa galdu. Gaur bere ez dogu galdu ba, han dator igazko modu-moduan. Aurten bere bat egiten dau gure ordutegiak. Baia aurten ez dauka eskolarik neugaz. Pozago egin deust agurra, beharbada horrexegaitik beragaitik: daborduko ez daukalako eskolarik neugaz.
Sartu gara. Igaz baino beteago dator autobusa. Astelehena dalako? Pentsau dot ariketa interesgarria dala astelehenetik barikura arteko bidaiari-fluxuari begiratzea. Kasualidadea izango da, beharbada, baia esango neuke igaz autobus hau hartzen nenduanean (astean aurrerago, eguazten, eguen eta barikuetan), bidaiari gitxiagok egiten genduala campuserako bidea. Astelehenetik barikura egunez egun behera egingo ete dau bidaiari kopuruak? Beste aukera bat da pentsetea, igual, kurtso-hasikerea dalako datorrela autobusa bete-beteta, eta ikasturteak aurrera egin ahala bidaiariek behera egiten dabela. Astean zehar egiteko ariketa hori berori egin leike urtean zehar. Inork egin ete dau?
Mezu bi e-postan, bulegora ailegau eta erantzungo dodaz. Mezurik ez wassapean. Errepaso azkar bat: perfileko argazkirik ez dau inork aldatu. Txiolandia: geldiro dabil goizean, mezu barri bat edo bi. Ezer berezirik ez. Bagoaz tuneletan aurrera, telefonoa boltsan gordeko dot.
Unibersidadera ailegauta, ondoko mutilak kaskoak belarrietatik kendu eta aurreko neskatoari esan deutso: hara ba, beste tortura egun bat, eta jagi egin da, txartela pasau eta nork daki zein fakultadera joteko. Nik, barriz, pentsau dot: hara ba, hor noa ni ikasleak torturetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!