Itzultzaileak: metaforak eta jantziak
2019-04-27 16:38Itzultzaileen eta itzulpenaren ganeko metaforak ardatz, asteon twiter kontura sartu jat bat, British Library liburutegian Emily Wilson idazle eta itzultzaileak emondako berbaldian entzuleren bat tximeleta-ehizan ibili, sarean batu eta bestelako sareetan hegaldatuta.
Itzultzaileak kamaleoiak izan behar dirala esan eban Emily Wilsonek, itzultzaileek gai izan behar dabela osto berdeetatik hosto arreetara salto egiteko (irakurri hemen).
Ez da idazle eta itzultzaile anderea metafora horretaz jaubetu dan bakarra izan, ez eta lehenengoa bere, ez eta azkenengoa izango bere. Sarean bilaketa azkar bat eginda topau dot, berbarako, Camaleón traducciones izenpean lan egiten dauen itzultzailearen webgunea.
Itzultzaileak eta kameleoiak batzen dituen kontuen bila, artikulu honegaz be egin dau topo sareko ehiztariak.
Bada, hor esaten diranetatik hautatu dot honako hau: Itzultzaileek kameleoien antza badaukie, ez da kameluak legez hileak eta hileak emoten dituazalako desertua zeharkatzen, ezta larre berdeetan egonean itxaron behar dabelako jagoken dirua pageten deutsen arte bere, ez eta lehoiek legez orro egin behar dabelako zor deutsen dirua eskatzeko, itzultzaileek kameleoiaren antza daukie jaka aldatu behar izaten dabelako, itzultzen daben autorearen arabera.
Honek gogora ekarri deust asteon sarean entzundako alkarrizketa bat, Barruan gaude izeneko postcastean Oier Aranzabalek Miren Arzallusi egindakoa, hain zuzen bere.
Haixe entzuten, eta beharbada idatzi beharreko hau gogoan nerabilelako daborduko, pentsau neban ia zelan janzten ete dan itzultzailea, itzultzailearen eta interpretearen modea ba ete dagoan. Interpreteak baltzez imaginetan dodaz nik, baina. Sarean bila parau eta interpreteentzako janzkera-arauak bere badabiz. Hemen bideo labur bat.
Eta, itzultzaileak? Zelango janzkerea darabile itzultzaileek? Nik pijama jantzita irudikatzen dodaz asko, egunak eta egunak etxetik urten barik ordenagailuaren aurrean. Baina, danatarikoak dagoz, eta tirozue, ba, Gallieran itzultzaileen eta interpreteen modearen ganeko erakusketa bat antolatu leitekela otu jat.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!