+33
2019-04-10 22:29+33. Ene, dei bat Frantziatik? Nor izango ete da… ez daukat telefono hau zerrendan gordeta. Hartu egingo dot, badaezpada. Bai, esan?
Oui, oui, c’est moi. Ça va? Lotsa apur bat emoten deust autobusean frantsesez egin beharrak. Ondora begiratu dot: bai, bidaiariak dagoz inguruan, ez zagoz bakarrik. Tirozu, hau dauka Paris inguruan ibili izanak, hango jendeak deituten zaituala handik bueltan bere. Oui, je t’envoi le liens par courriel. D’accord. Aucun soucis.Liburutegiaren ardurea dauka eta ia esteka batzuk bialduko ete deutsadazan. Baietz. Betiko helbidera. Zelan nabilen. Galdera indiskretu bat egingo deustala: ia ordutik umerik euki dodan. Galdetu ez dauelakoan galdetu dau! Barkamena eskatu lehenengo, baina galdetu. Eta ia ezkondu nazen! Eta ia hango legez izatezko bikote izan daitekeen hemen bere bai.
Ondora begiratu dot barriro, baten batek alkarrizketeari jarraituko ete deutsan. Lotsatuta barriro. Neure golkorako: esteken kontua konpondu dogula eta galderok larreko ez ete diran, moztu egin behar dodala. Et vous, comment allez vous? Tout bien à Paris?Berak ia ete dakidan, txaleko horidunen afera dabilela han…
Zapaturo nahasteak daukazala bere metro-linean hori dala ta, horrek gogaitarazoten dauela. Atzera neure golkorako: moztu egin behar dodala. Nik: 4. linean obretan dagozala entzun dodala. Berak, baietz, baina horrek ohiko lanak dirala, ohiko beharrakaitik berandututen dala kasu horretan metroa. Oraintxe akordarazo deust zergaitik ez neukan bere teléfono zenbakia gordeta. A bientôt! (Bai, zera!)
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!