Literatura itsaso bat da
2019-03-17 21:43Izuen gordelekuetan barrena liburuaren kapituluek markau zituen paisajeak eta geltokiak Iñigo Aranbarrik Joseba Sarrionandiaren geografiatik ostera bat egitera eroan ginduzan egunean: sorterria, Paris, Grezia, Lisboa, Irlanda, Praha, Deserria…
Lekurik leku, berbarik berba, testurik testu eta olerkirik olerki eroan ginduzan Aranbarrik Bira kultur gunera batutakoak (% 95 emakumeak, laguna eta biok gazteenak, batutako jentearen nondik norakoak jakin gura dituenarentzat). Astearte buruzuri baten, Loraldia jaialdiaren egitarauaren barruan, Bilbon, 2019ko martiaren 12an entzundakoaren barri egunkariek bere badakarre.
Baia, nork jakin zer egoan adi-adi entzuten eben entzuleen gogoetan? Zer esaldi eroan zituen bueltaka kaskoan etxerako bidean? Zer berbak egin eutsen klik? Zein esaldik klak? Zer testu gogorarazo eutsen hizlariak? Zelako letrak bete zituen entzuleen koadernoak? Ezin esan besteranak. Nik neuk, honako hauxe ekarri neban:
Literatura Itsaso bat da, etengabe berritzen dena.
Iñigo Aranbarri. Bilbo, 2019.
Inoren eskutik pasieran adi entzuten dira ondokoarenak, bai eta entzundakoek akordarazo geureak bere: nik, akorduan daukat behin, itzulpengintzearen inguruko lan teorikoa azaldu neutsala irakasle hari. Ostean esan eustan ez egoala ados planteamendu haregaz, hizkuntza jakin bateko literaturaz berbetan nengoala, eta ia zertan nahastetan nituan kontuak beste hizkuntza batzuetara egindako itzulpenak aitatuta. Bada, Iñigo Aranbarriren esaldi horren ildo berean erantzun neutsan, eta horregaitik ekarri neban neuk Aranbarriren hori, seguruena, etxera bueltan kaskoan: itzulpena itsasertz bat baino gehiago ikutzen dituan itsasoa da. Halan da ze, euskeratik egindako itzulpenek, berbarako, euskal literatureari ezeze, itzuli diraneko literaturari eragiten deutse; eta alderantziz bardin: beste hizkuntza eta kultura bateko testu bat euskerara itzultzen danean, jatorrizko kulturea ezeze, bertokoa bere aldatzen dau.
Halan, Aranbarrigaz pasiau artean haregaz egindako alkarrizketa isilean, hauxe gehitu neutsan harek esandakoari etxerako bidean gindoazela: Literatura Itsaso bat da, etengabe berritzen dena; eta itzulpenak badauka zerikusirik eraldatze horretan, laguna. Hurrengo pasiorako bere abisau, ados? Eta agur esan geuntzan alkarri Unamuno plazako metro-geltokiaren ahoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!