Itsuak irakurle
2019-02-13 21:58Jose Mari Espartza editorearen memorietan jakin dot Manu Agirreren istorioaren barri.
Manu Agirrek 2005ean hamairu eguneko gose-grebea egin eban Durangoko Euskal Liburu eta Diskoaren Azokaren datakaz bat eginda, euskal itsuek bere euskeraz irakurteko eskubidea eukiela aldarrikatzeko.
Ahalegin batzuri esker lortzen dira emoitzak eta Agirrek lortu eban, lortu ebanez, Braille bidez euskerazko hainbat liburu emoten hastea. Agirrek berak eskatu eban Braillera ekarri beharreko lehen liburuetako bat Laura Mintegiren Ecce Homo izatea, eta idazleagaz batera arrastia pasau be pasau eban liburua irakurri ostean, obrearen ganean berbetan Bilbon hara-hona pasinoa eginaz. Bai editorerentzat, bai Mintegirentzat esperietzia gogoangarria da, eta memorian gordeko dabena, inondik bere.
Itsuek eta ikusmen urritasuna daben personek modu bi ditue, eta urtean-urtean 50 inguru batzen dira zerrendara, ONCEk eta Eusko Jaurlaritzak daben akordio bati esker. Argitaletxe batzuekaz akordioak eginda, liburuak Word formatuan lortu, eta programa berezi baten bidez aldatzen ditue Braillera. Testuak argitaletxetik jaso ezean, liburuak orrialdez orrialde eskaneau behar dira. Bigarren aukerea testuak ahoz gora emoten dituan programea erabiltea da, audio-liburuak entzutea, alegia.
Neu bai itsua, halango istoriorik ikusi ez dauena literaturaren eta editoreen munduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!