Erorikoa

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2019-01-20 19:31

Garajeko arrapalan laban eginda ziplo jausi da. Milisegundo bateko kontua izan da antza, eta, halango baten, bere burua behean botata ikusi dau.

Min bero halango bat igarri dau oinean. Oinari begiratu deutso eta trabes ikusi dau, bihurrituta, hazurra urtenda daukala. Botak presinoa egiten deutso, baina kentzeko kapaz izan da. Eskuetan eroazan paketeak arrapalan behera joan dira. Baina, kasualidadez, edo zortea hain txarra bere izan ez dala ta, poltsea ondo-ondoan jausi jako, beragaz batera. Bertan dauka telefono mobikorra. Beharlekuan edo etxean itxi ez dauenean! Gaitzerdi!

Azkenean hain zorte txarra bere euki ez dauela pentsetan hasi da. Deitu dau batera eta bestera. Halango baten bildurra sentidu dau, ez ete dan autorik sartuko bera han botata dagoala, ikusi ez eta ez ete jakon ganetik pasauko. Laster dira senitartekoak bertan, baina ezin dabe garajean sartu, mandoa kotxean dago, eta giltza beragaz dauka. Laster dira bertan larrialdietako beharginak: anbulantzia ez eze, baita ertzaintzea eta bonberuak bere (horreek zabaldu behar izan dabe atea). Ez dabe kamillan atara. Gurpilek laprast egingo daben bildur izan diranez, izara handi bat erabili dabe min hartutakoa garajetik atara eta anbulatzian eroateko. Urgentziazko artatze eta ebakuntza eta gero kontau deust hori dana. Bateko zaintzea, besteko papelak, besteko muletak, aulkia, farmazia... Eta nik, ezin dot burutik kendu, garajeko hormearen kontra, izkinatxu baten, hautsak hartuta betiko galduko dala paketetik eroritako zer txiki bat, inork faltan igarriko ez dauena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu