Euskal editoreen memoriak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2018-12-28 18:48

Durangoko liburu eta disko azokearen erresakea ganean dauka euskal kulturgintzak oraindino, eta beharbada horrexegatik edo beharbada horren eraginez akordau naz gaur editoreen lanagaz. 

Lasaitasun apur bat hartuta egongo dira eureetako batzuk, eta akabuko orduko lanak eragindako erraten damuz besteren batzuk… Gustora entzungo neukez euren abenturak eta kalenturak… Entzun, edo irakurri.

Hemendik kanpora, ez dira bat edo bi euren memoriak idatzi dituen editoreak; gitxi batzuk aitatutearren,  Rafael Borras, Esther Tusquets, Michael Korda aitatu daitekez. Memoriak barik saiolanetan idatzi izan ditue editorearen langintzearen ganekoak André Schiffrin eta Siegfried Unseld editoreek. Horreez gan, esteka honetan bere beste hainbat editoreren memorien barri jaso daiteke.

Geurean bere badira euren memoriak idatzi dituen editoreak; Idoia Estornes Zubizarretak, urte askoan Auñamendiko editore izandakoak, kasurako, Cómo pudo pasarnos esto, crónica de una chica de los 60 emon eban Erein argitaletxean 2014an. 

 

Denpora asko ez dala urten dau plazara, barriz, Txalaparta argitaletxeko editore Jose Mari Esparzaren Apología. Memorias de un editor rojo-separatista izeneko liburuak, Txalaparta argitaletxearen eskutik.

Eta, zer barri dakarre ba editoreek euren memorietan? Eta, zer da ba interesgarri euskal kulturgintzearen edo literaturearen zaleen begietara? Batetik, editoreen memoriek argi egin leikie liburuaren merkatuan profesionalizazino-prozesuan eragileak zelan eraldatu diran aztertu gura daben guztieri. 

Horrezaz gan, editoreen memorien bidez argitu leitekez hainbat eta hainbat hauturen edo produkturen nolakotasunen arrazoiak. Liburuaren munduko harreman-sareak bistaratzeko gakoak bere emoten ditue editoreek euren memorietan: nork, noiz eta zelan ezagutu eban harako beste editore bat, harako idazlea edo itzultzailea… Era horreetakoak kontetan ditue bai Idoia Estornesek eta Bai Joan Mari Esparzak euren liburuetan.

Etxetik etorri jakon Estornesi lanbiderako saltoa. Lehenago antzeko proiektu baten ibili zanez gero, Bilboko argitaletxean editore barik geratu zirela eta eskari bati baldintzak ipinita ekin eutsan Jose Mari Esparzak Txalapartako editore-lanari fabrikako buzoa kakoan eskegita. 

Ibilbide ezbardin bi dira, eta nork bere ibilbide akademiko eta politiko-ideologikoagaz batera kontetan ditu bakotxaren joan-etorriak. Baia, konekzinoak bere badagoz liburu bien artean, edizinoaren munduagazko lehen kontaktuak paskinak eginez eta banatuz izan zituela euskereak eta euskal liburugintzeak pasau behar izan dituan zentsurearen ganekoak zelako abenturak ekarrarazo zituan, Durangoko liburu-azokako zelango gomutak daukiezan, liburuen eta entziklopedien sorkuntza eta produkzino prozesuan emon beharreko pausoak zein izan diran eta zelan aldatu diran, euren ibilbidean sortutako harremanak eta kultur ekitaldien barri… halakoen ganeko zehetasunak, pozak eta nekeak, eta beste askoz gehiago topau leikez irakurleak editoreen memorietan. 

Estornesek dinoan legez, Liburu bat argitaratzea eta liburu baten publizidadea egitea eta liburua saltzea ez dira gauza bera'. Esparzak, barriz, hauxe dino: Editetea zabaltzea da, ideak testu bihurtzea, testuak liburu eta liburuak konsumorako produktu. Bide horreetan egindako ahaleginen barri jasoko dau irakurleak liburuotan. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu