Zauriak: gordetekoak eta erakustekoak
2018-09-06 18:59Nahitaezkoa izaten da urgentzietako itxaron-gelan egotea, eta ebitauezinekoa izaten da bertan subertetan diranen istorioak entzutea...
Nahitaezkoa izaten da urgentzietako itxaron-gelan egotea, eta ebitauezinekoa izaten da bertan ondoan subertetan diranen istorioak entzutea, dala ozenegi berba egiten dauelako batek, edo bakarrik joan dan besteak kontau egiten deutsulako, edo asperduraren asperduraz beste hari entzun deutsazuzan berba gitxi batzukaz ipuina egiten dozulako buruan.
Kontua da ze aurrekoan konturatu nintzala urgentzietako itxaron-geletan dagozanek batzuetan gorde egin gura izaten dituela euren zauriak, orbanak... ostondu egin gura dituela, erietxetik pasau diraneko arrastorik itxi barik. Ondoko emakumeak lagun bategaz egin eban berba telefonoz, eta halan esaten eutson, ez deutsola amari esan urgentzietara joaianik, astebete eroiala penakaz, baia amaren beraren gaixoa dala, umea dala... gurago izan dauela ezer ez esatea, akabu baten, seguruenik ez da ezer bere izango eta...
Eta, kontua da ze, aurrekoan jaubetu nintzala urgentzietako itxaron-geletan dagozanek, batzuetan, erakutsi egin gura izaten dituela euren zauriak, bendajeak... danek ikusi daiezala gura dabe, ondo akabau dan abenturearen barri emon guran edo. Amari esaten eutsan aurrekoan sendatzetik urteten eban umeak, buruan bi puntu emonda: ama, zelango ostia, ezta. Amak baietz. Odolik badaukat oraindino?. Amak ezetz. Ze pena, nik ikastolan erakutsi gura neban eta...
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!