Balou mendikateko nolakotasunak
2018-08-26 21:52Nolakotasunez eta kolorez betetako zakua da Balou mendikateko balada.
Yan Liankek idatzitako eta Maialen Marin-Lacartak eta Aiora Jakak txineratik euskerara ekarritako Balou medikateko balada-n (Elkar, 2018), artaburuak persona baten hankea bezain handiak dira, hodei lodiek tapakiek legez estaltzen dabe zerua, denporeak errotak legez egiten dau aurrera, eta begiak herriko ateak legez trangatzen ditu oheratzen danak.
Itzalak muselina baltza lez mobiduten dira eguzkiaren azpian, eta haizea zetazko oihalak lez irristatzen da; oihua be bardintsu: zetazko begiztak lez egiten dau hegan. Garrasiak, ostera, nahas-mahas entzuten dira, haizeak bultzatutako harri- eta harea-zurrunbiloen pare, eta negarrek luze irauten dabe, etenik barik, gero eta urrunago, larreetan galtzen dan bidearen antzera.
Mutikoek opiletan haginakaz itxitako ilarak bata bestearen ondoan jarritako ilgoren lerro baten parekoak dira, eta emakumeek bular mendiak bezain puztuak ditue. Nolakotasunez betetako balada da Balou mendikatetik jatokuna: gaixotasunak pisutsuak dira, zerua estaltzen daben hodeiak bezain; eta laino moreak estaltzen ditu kaleak, udako hodei bitxi bat izango balitz legez. Begi-zuloek eguzki azpian lehortutako putzu zaharrak emoten dabe; eta ontziek ganezka egiten dabe, dike bateko urak zelan.
Kolorez betetako baladea da Balou mendikatetik jatorkuna: udazkeneko argia horia da, eta artoari atera barri jakon bizarra morea. Zeruak kolore arrosea hartzen dau, eta ulea urdintzen hasten da, eta lurruna bero eta zuri ateratzen da, eta beldur grisa agertzen da aurpegian, eta lotsearen kolore arrosea, eta izuaren kolore zurbil eta iluna, eta etsipen zuri mugabakoa, eta haserrearen berdea. Horrez ganera, arpegia gorri-gorri jarten jake pertsonaiei, melokotoi-lora bat bezain distiratsu. Gorriz bustitzen dira, halaber, herrixkako etxeak iluntzeetan. Gorria da lurraren usaina. Zoriona be gorri bizia da. Eta, gatxetatik sendatzeko edabeak be zapore gorria dauka.
Zein kolore ete diran euskerarenak, eta zein txinerarenak, horretara eroan nau liburuaren irakurketeak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!