Bihotz handiegia opari berezi

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2018-08-07 15:13

Udarako irakurketen pilotxuan neukan, beharbada azaleko irudiak halan iradokita, eta ekin neutson ekin neutsanez: Eider Rodriguez idazle hendaiarraren Bihotz Handiegia ipuin-liburua izan dot irakurgai azken egunotan.

Ipuin-liburuak udarako irakurketa aproposak dirala entzun izan dot, bidaiaren bateko joan-etorri edo itxaronaldietarako beste emoten dabelako bildumako aleek, edo hondartzan sartzeko besteko tarterako emoten dabelako… Baina, ez dakit nik ba arrazoiketa horrek konbentziduten nauen eze, neguan be beharrera garraio publikoan joanez gero tarte nahikoa izan daiteke joanaldia edo etorrerea ipuin bat irakurteko.

Horrezaz gan, ipuin-liburuakaz hauxe jazoten da: ipuin bat akabau eta gustau bajatzu, kafeagaz lez pasetan dala, eta liburua itxi egiten dozula, beste ipuin bati ekin aurretik, gustuak iraun deian… Eta ez dakit nik ba hori udan aproposa dan… Nik neuk udan denpora gehiago eukiten dot irakurketeari emon ahal izateko eta pena moduko bat emoten deust orrialdeetan aurrera eta aurrera egin barik ipuin bat irakurri eta hurrengora jo ezinik ibili eta, esaterako, liburua hurrengo egunera arte itxi beharrak. Halango zeozer pasau jat Eider Rodriguezen azkenagaz: ipuinek iradokitako sentsazino horri eutsi egin gura izan deutsat, luzarotxuago, eta irakurraldia eteten neban, luzatu ahal izateko. 

Liburuak akabeteak asebete egiten zaituen sentipen bat ixten deutsu barruan, liburuaren atzeko azalari kolpetxo bat emon eta hau be irakurritakoen apalera pentsetan dozunean. Bada, hori egiteak bere pena emon deust honakoan. Izan bere, aspaldion kolekzinoa egiten dodanez gero, itzultzaileak ipuinetan agertzen diraneko gertakariak batzen dodaz, eta halangoxe bat topau dot Bihotz handiegia bildumako azken ipuinean, Ez duzu ezer arraroa antzematen? dalakoan.

Ama-alaba biren inguruko jazoera bat da. Alabea itzultzailea da, jai egunetan be behar egiten dauen horreetako bat, amak ez dau ulertzen zelan ez dauen funtzionario behar egiten… eta abar eta abar eta abar. Kontua da ze, itzultzailearen irudi orokorragaz bat, ipuin honetakoak bere trebe darabilela hizkuntzea. Asko gustau jat zelango definizioa emoten dauan opari berezi-rentzat, amak halan galdetuta: egunero erabiltzekoa ez dena, baina ez okasino berezietan jartekoa delako, baizik eta agian berari ez litxaiokeelako bururatuko erosterik, nik erosita ordea gustura jantziko leukiena.

Seguruenik ez dator bat definizino horregaz, eta bardin deutso, baina ipuin liburu hau bere opari berezi bat izan daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu