Postontzi berezia
2018-07-27 17:12Izenburu hori eukan Alcaláko Administrazinoaren Artxibo Orokorrean, polizia-kontrola pasau osteko eraikineko sarreran, atondutako erakusketak. Artxibo horretan gordeten da joan zan mendeko memoria instituzionalaren parte handi bat, batez bere Espainiako organo zentralei jagokena. Baina memoria pertsonalak bere badagoz bertan gordeta.
Alcaláko artxiboan dagoz, berbarako, liburuek pasau beharreko zentsura-izapideen barri jasoten dauan dokumentu-multzoa, eskoletako irakasleen espedienteak, polizienak, eta abar eta abar eta abar. memoria instituzionalaren parte dira horreek danak. Baina, hainbaten memoria pertsonala bere badago bertan gordeta, izan bere, pertsona arrunten eskariak eta gutunak gordeten dira bertan. Horren lagin bat egoan ikusgai bertan lanean emon genduan tartean.
Sasoi okerra (gerra, exilioa, espetxea…) bizi izandako pertsonen testigantzen bidez iraganaren xuxurlak entzun daitekez, eta xuxurlak are indartsuagoak dira testigantza horreek zentsurautakoak edo konfiskautakoak izan badira. Postontzi berezian gorde izan dira testigantza horreetako batzuk: kartzelara eta kartzelatik bialdutako gutunak, exilioko umee etxera bialdutakoak, edo soldaduenak. Horeen adibideak egozan erakusgai aitatutako erakusketan.
Kartzeletara sartzen eta handik urteten zan gutuneria errebisau (eta batzuetan konfiskau) egiten eban (eta egiten dau) jagokon zaindariak, eta horretarako, ulertu egin behar da bertan idatzita dagoana. Horri lotuta egoan bertan, erakusgai, euskal presoek etxekoei euskaraz idatzi ahal izateko eskaria egiten dauan gutun bat. Horrexek ekarri eustan gogora zenbat eta zenbat gutun gehiago ez ete diran bertan gordeta egongo, eta oraindino bere lan handia dagoala egiteko artxibo hori arakatzen. Bertan gordeta egon leitekezenaz ganera, zenbat gutun ez ete ziran desagertuko…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!