Uribek garagarrilaren 2koak 3aren bueltan
2018-07-17 20:58Kirmen Uribe: bizitza, fikzioa izeneko udako Ikastaroa garagarrilaren 2an eta 3an izan zan Donostian. Itzultzaileen mahai-ingurua gidatutea subertau jatan.
Kirmen Uribek Kirmen Uribe: bizitza, fikzioa ikastaroan esan zituanak ekarrita, hiru dira idazlearen zutabeak: obrea, irakurlea eta kritikea. Hirutik hirura, hirukoa behar dau berak idazteko: askatasuna, formea eta euskerea.
Lehenengoari jagokonez, eta beti bere Uribek dinoan legez, gizartearen aurretik joan behar dau idazleak eta, horretarako, heterodoxoa izan behar dau, deserosoa. Horretan saiatu ei da bera, pausu bat aurrera egiten beti.
Bigarrenari jagokonez, Uriberen ustea da formarik barik ez dagoala iraultza literariorik: Gaiaren gainetik jarriko neuke dino, izan bere, idazleak forma barriak planteau behar dituala-eta, garrantzia handia emoten deutso nobela bat idaztean oinarri teorikoa izateari.
Hirugarrenari jagokonez, euskereak bizi nau dino, bai eta euskereari territorioak irabazteko ahaeginean ibili izan dala bere. Horrezaz gan, Uribek dino beti egin dauela saiakerea euskalduna ez dan horregaz enpatia lortzeko, uler gaitzan. Azken hori txikiaren keinua ei da, baina halan baino ez ei dau idatziko hemengoak mundura. Uriberen asmoa da munduari forma literario euskaldunak eskaintzea, konplexuak alde batera itxita gure tradizinotik mundura idaztea.
Une honetan nobelagile legez ikusten dau bere burua Uribek, eta horretan egin gura leuke eskua orain. Fase bat da, beharbada, baina horrexetan dabil. Orain arte idatzitako hiru nobelak izan zituan berbagai, banan-banan. Zeozelan esan, honexek dira Uriberen berbak ekarrita, bere hiru eleberrien gakoak:
bat) Bilbao-New York Bilbao. Irakurleagazko kontaktua da lanaren ardatzetako bat eta, hori dala eta, planteamendu asko datoz Internetetik. Zeozelan, idaztea bera irakurlearen esku geratzen da, eta irakurle aktiboa eskatzen dau.
bi) Mussche. Gizartea eta bera krisian egoazan eleberria idatzi zan sasoian eta keinu morala (eta ez moralistea) egitea euki eban gogoan idazketa-prozesuan.
hiru) Elkarrekin esnatzeko ordua. Gitxiengo baten bizitza kontetea gogoan, familia baten kontakizuna egitea erabagi eban. Egiantzekotasunari eusten ete jakon bere burari galdetu eta… egiazko pertsonaia bat ardatz hartutea, ez neban beste irtenbiderik dino Uribek. Egitura nobeleskoa dauka liburuak bere berbetan, baina jazoera danak dira benetakoak. Zinemean eta artean jokera hori dago eta horrexeri begiratu eutson berak, literaturan baino lehenago doazela eta horrexeri aditu behar jakolakoan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!