Zentsurea

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2018-07-06 14:07

Konturatu bere egin barik joan jat hilebetea (hemen kukurik egin barik), ez hortixik egonean egon nazalako, ez ez, eze halangoetan denporea joan badoala ikusi edo sentidu egiten da, eta ni jaubetu bere ez naz egin: atzo maiatza zan, eta, gaur, daborduko garagarrila. Artean? Artean batetik eta bestera ibili da irakaslea, azterketak jagoten, azterketak zuzentzen, errebisino egunetan ikasleak hartzen, ekaineko berbaldiak prestetan eta emoten… Hain zuzen bere berbaldi horreetako baten gai nagusia dakart gaur: zentsurea.

Joan barri dan bagilaren 21ean eta 22an izan zan Donostian zentsurearen ganeko nazinoarteko kongresua. Joan Mari Torrealdai omentzeko kongresua izan zan; izan bere, bera da euskal gaietako zentsura sakonen eta luzeen ikertu dauen personea. Han eta hemen izan dau oihartzuna kongresuak eta batetik edo bestetik jasoko zenduen bertako barri. Han esandako batzuk azpimarratzea eta harako etxeko lanak atontzen izandako inpresino personal batzuk emotea baino ez da izango gaur hemen egingo dodana, kontu akademikoak eta bertan azaldutako edukiak liburu formatuan zabalduko diranez gero.

Harako berbaldia preparetan nengoala, behin eta barriz etorri jatan burura oso gitxi aldatu dirala zentsurearen diskursoak Frankoren sasoitik gaur egunera arte, eta arrazoibide bardin-bardinak darabilzala botereak lan bat edo beste zentsuretako zein isunak ipinteko. Ez da denporea alperrik pasau ordutik, baina gauza asko ez dira bape aldatu. Zentsureagaz (halango berbarik ez da erabilten, baina) zerikusia daukan txosten garaikide bat eta eta, kasurako, 42ko zentsura-aparatuaren txosten bat, ezer gitxitan dira desbardinak (idazteko erabilitako tresnatan ez bada). Bildurra sentiduten dau ikertzaileak halangoak erkatzen dituanean.

Ikertzaileak bildurra sentiduten dau, pentsetan hasten danean zelango isiltasuna eta opazidadea dagoan zentsura-fitxen azterketarako eskaintzen jakozan baliabideak lortzeko, eta zelango kontrola sentiduten dauen Administrazino Orokorreko Artxiboan sartzen danean… Kontrolaren kontrolaz konspiranoiaren gatxak bere ekiten deutso, eta loak hartzea galarazoten daben istorioak sortzeko kapaz da bere buruan sormen handiegirik barik. Kafkaren gazteluagaz erkatu eben kongresuan zentsurearen fitxak gordeten dituan artxiboa.

Zentsurea likidoa dala azpimarratu eben kongresuan ikertzaileek behin baino gehiagotan, forma askotarikoak hartzen dituala eta laster zabaltzen dala, bai eta edukiontzira egokitu bere. Zentsurearen helburu nagusietako bat zentsurarik ez dagoala siniztarazotea da, eta, kongresutik buruan darabildan idea da horixe: halantxe sinistuarazo deuskue, ez dagoala zentsurarik… baina zentsurea likidoa da, eta odolean be badaroagu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu