Liburu ekologikoak, kartonerak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2018-04-23 16:39

Bi edo hiru urte izango da lehengoz kartoneren barri entzun nebala. Kaleko kartoiz egindako azaldun liburuak dira (bai eta liburu horreek banatzen dituen argitaletxeak be). Kontua da ze, berba eta kontzeptu batzukaz pasetan dan lez, behin ikasita sarri-sarri agertu izan jatala orduz geroztik, eta ustekabe kurioso eta polit bat jazo jatala joan zan astean horrexeri lotuta, non eta Lisboan.

Denporea emoteko sartu gara Lisboan dagoan Portugalgo Liburutegi Nazionalera. O universo dos livros cartoneros izeneko erakusketea dago bertan. Kartoitik gatoz eta kartoira bueltetan gara da erakusketearen leloa. Editorial kartoneroen barri emon gura dau: fabula tragiko baten antza dauka argitaletxe horreen sorrereak. Eloisa Cartonera argitaletxeagaz hasten da dana, krisiak gogor jotako Argentinan. Euren liburua baliabide gitxigaz zirkulazinoan ipinteko, jardun barriari ekin behar izan deutse Washinfton Cucurto idazleak eta Javier Barilaro artista plastikoak; izan bere, kostu txikian ipini behar dabe euren liburua eskuragarri. Fotokopiak eta kaleko kartoia birziklatzea da gakoa.

Liburu ekologikoa da liburu kartoneroa. Berezia da, liburu bakotxa bakarra da, azal danak dira ezbardinak. Liburu-ale bat, interbentzino artistiko bat.

Eloisa Cartonera sortuz geroztik, antzeko argitaletxeak eta proiektuak sortu dira, Argentinan ez eze, Perun, Txilen, Mexikon, Bolibian, Brasilen… Lisboako liburutegi nazionalean herrialde horreetako liburu kartoneroen lagin bat dago ikusgai. Danak dira argitaletxe independenteak, eta merkatu nagusiaren legeei iges egiten ahalegintzen dira. Horretan bere, bibliodibersidadea sustatzen dau.

Ganera, argitaletxe honeetako askok gizartean eragiteko proiektuak ipini ditue martxan (proiektu integratzaileak dira): komunidade jakinetan liburu kartoneroen produkzinoa sustatu dabe, batetik, liburuak eskuragarri ipinteko eta, bestetik, kartoia batuz, kartoia birzklauta eta sorkuntza-artistikoaren bidetik hainbat eta hainbat kalekume gizarteratzeko.

Asagoko kontua emon leike, baina euskal literatureagazko loturarik bere badago aitatutako erakusketan. Hantxe dago ikusgai Sustraietatik. Desde las Raices izeneko alea. Hara gure sorpresea haixe ikusitakoan!

Txileko Unibersidadean lektore ebilen Olatz Sanchez Lamikiz, euskera irakasle, bere ikasle batzuk La Vieja Sapa argitaletxe kartoneroa sortu ebenean. Bertan agertu zan Olatzek ondutako  Sustraietatik. Desde Las Raices euskal poesiaren antologia.

Argitaletxe horren barri emon eban Olatzek berak Argiako Latitudeak blogean, eta argitaletxearen beraren webgunean bere badago alearen ganeko informazinorik.

Aldarri txiki bat da post hau, ez daiten Olatzena liburu kartonero bakarra izan. Ez da inprenta handirik behar, ez eta material eskuraezinik bere, liburu bat sortzeko, kopietako, apaintzeko… Liburu kartoneroena proiektu polita da gure eskoletan, herrietan, liburutegietan…martxan ipinteko. Ekiogun ba liburu kartoneruak sortzeari (sarean erraz topauko dozuz liburu kartoneroak egiteko pausoak eta moduak).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu