Bardintasunaren sokatirea

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2018-03-09 12:41

Martiaren 8ak bete zituan atzo argazki-kamerak, telefonoak, egunkariak, telebista-pantailak… Egun berezia izan zala nabarmendu dabe batzuek, mugarri bat markauko dauela aldarrikatu besteek, zeozer aldatu dala baieztatu dabe zenbaitek…

Hau, hori eta harako ha… argi dagoana da albistegietan inoz baino tarte handiagoa eskaini jakela atzo Euskal Herriko txokoetan zein atzerrian antolatutako Martiaren 8ko ekitaldiei; zeozelan, bardintasuna, emakumearen egoerea, feminismoa… erdigunera ekarri zirala, askotan ez bezela, albistegietako saio batzuetan. Gehiago edo gitxiago harritu ginduezan barriek eta irudiek.

Ni honexegaz geratu nintzan: Teleberrian, M8aren inguruko albisteen ostekoa be, bardintasunagaz lotu eben: Gaztedi soka-tira taldeko emakumeen ekipoak urrea irabazi eban atzo munduko txapelketan, 540 kiloko kategorian. Teleberriko albiste-emoileak esan ebanez, egun esanguratsuan egin eben lorpena, hain zuzen bere emakumearen egunean.

Lorpenik eta txapelik inori kendu barik, eta esatarien esanak esan, esango neuke aurretik be lortu dauela euskal sokatireak bardintasunaren alde besterik (eta behar bada gauza garrantzitsuagorik): talde mistoetan Ibiltea. Bai, ekipo berean, neskak eta mutilak talde berean, bardintasunean tira eta tira.

Inon gitxi ikusi izan dodaz kirol talde mistoak. Bada, sokatiran, batzuetan neskek tiratzen dabe, bestetan mutilek, baina talde mistoen tiradak bere izaten ditue. Nire ustez, horixe da bardintasunaren aldeko lorpen handienetako bat.

Atzoko ekitaldien zurrunbiloan ames egitea libre da eta... gustauko litzakit, herrietan, eskoletan… neska-mutilez osotutako futbol ekipoak, saskibaloi ekipoak… ikustea. Esango neuke asko daukagula ikasteko bardintasunaren sokatiratik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu