Berbei musikea, musikeari berbak
2018-01-31 16:44Musikea eta bertsoa izan ziran joan zan zapatuko Bertso Egunaren ardatza. Bada, goizeko ekitaldian hitz eta pitz ibili ziran Rafa Rueda eta Maria Rivero musikariak eta Jon Maia bertsolaria Alaia Martinen gidaritzapean.
Nork bere esperientziatik kantuen letragintzearen ganekoak aletu zituen: bertsoak musikatzeaz, musika jakin bati berbak jarteaz, kantuen letren sorkuntza-prozesuaz… ibili ziran. Kantuetarako letragintzea aparteko testu-genero bat dala ohartarazo eben, kantuetarako letrak ez dirala olerkia, eta ez dirala bertsoa. Musikeak eta berbek bat egin behar dabe, musikeak berba egin, eta berbek musikea, zeozelan. Musikarik barik funtzionetan ez daben letra edo berbak dagoz, edo musikariek ipinitako doinuei esker iraun daben poemak…
Sorkuntza-prozesuak askotarikoak izaten dira, baina funtsean, batzuetan berbak musikatzen dira eta, beste batzuetan, musikeari ipinten jakoz berbak. Hareenak entzunda, kantuetarako letrak sortu izan dodazan apurretan bizi izandakoak akordau jataz. Bi norabideetako esperientziak euki dodaz nik neuk.
Behin, bertsolari biren artean sortu genduan sorta bati ipini eutsan musikea Belako taldeko musikariak. Kasu haretan, ofizio bat egiten dan eran, bertso-sorta bat idatzi genduan. Gero, musikariari gure metrikeagaz bat etozan doinuen zerrenda bat pasau geuntson. Gero, euretako bat moldatu eban musikariak. Eta, gero, kantari txarrak garela frogatu genduan (eze ez da gauza bardina bertsoak kantetea edo disko bat grabetea). Halan da bere, disko txukuna joan zan, eta herriko bertsolariek idatzitako letrei herriko musikariek doinua ipini eutsenekoa historiara pasetako moduan itxi genduan.
Ganerako esperientzietan musikariek kantuaren maketea pasau izan deuste, eta kantuaren eskeletoa bere bai: egiturea eta silaba-kopurua. Inoz, gaia mugatu izan deuste (bide batez, halangoetan errezago egin jat ideak ekartea). Inoz libre itxi izan deustie gaia. Inoz errimak non joan behar eben markau izan deuste. Inoz, zein errima erabili behar neban bere agindu izan deuste. Kasu berezi bat daukat gogoan, ganera, lerro batzuk ou errimau behar ebela eta… Euskaraz, ou... Show? Low?... Musikariari euskeraz ou errimetan daben berbak topetako esan neutsan. Egun batzuren ostean musikariaren deia jaso eta... au errimetea erabagi genduan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!