Koloreak

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-12-01 19:13

Ez daukat ondo akorduan zelan egiten genduan, ez dakit kolore bakar bategaz marrazten genduzan objektu guzti-guztien siluetak eta gero koloreztatu, edo objektuka egiten genduan irudia, edo objektu bakotxa kolore desbardin bategaz egiten genduan…

Lehenengo-lehenengo lurra marrazten genduan: marra bat orriaren alde batetik bestera; batzutan, gorabeheratsua izaten zan, aldapatsua; bestetan, marra zuzen antzeko bat. Emoten dau ez egoala zorurik bako marrazkirik, munduak zeozeren ganean ipini behar zitualakoan oinarriak.

Goratxuago hasten ginan gero patata-antzeko bat marrazten. Burua (patata-burua, halakoxeak baikara benetan). Lepo moduko bat, eta, beste patata handiago bat: gorputz-enborra. Ostean, kalkulau bako espazioan, txikiago edo handiago geratzen ziran personen hankak, egunaren arabera. Izan bere, egunaren arabera daukaz personeak hankak lurrean, edo ez. Buru haretan nork sartu gero bi begi, sudur bat eta aho bat… askotan burutik be urten egiten jakuzan.

Gero, gorputza irudikatzen eban patateari besoak gehitzen geuntsozan: luuuzeak gorputz-enborraren aldean. Eskuak marraztea, horixe zan gatxa: atzamar bakotxa marra bat. Hori bost kontetan genduanean, eze zenbat adar-esku edo esku-adar marraztuta ez ete gagoz…

Eta akabuan silueta barrukoak koloreztatzen genduzan, berdez, morez, gorriz… Sasoika aldatzen genduzan gustoko koloreak. Baina, batzuk ez ziran aldatzen: arpegia laranjaz, horiz edo arrosaz beteten genduan, beti. Denporeagaz 18 eta 24ko plastidekor-kaxak etorri ziran, eta suerterik handiena eukien eskolakideek (gureak beti ziran 12koak) haragi kolorea erabilten hasi ziran arpegiak eta gorputz atal biluziak margozteko eta, orduan, umezaroa akabau jakun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu