Talde lan, alfer lan?
2017-09-26 11:42Talde lanaren inguruan ikasteko, taldean batu ginan Iruñean joan zan astean. Hemen bertako barri, zehaztasun gehiagogaz.
Ikasleak protagonista bihurtu beharraren aldeko aldarrien garaia bizi dogu hezkuntzan. Oro har, irakasleak ohituta dagoz begiradak eurengan eukitera, eta, orain, egoerak alderantzizkatu egin behar dau: irakasleek egin eta ikasleek behatu ordez, ikasleek egin eta irakasleek behartzeko ordua ailegau da.
Horrezaz ganera, egun garrantzi handia emoten jako taldean egindako lanari. Gizarte gero eta indibidualistagoa ei da gurea, eta horren kontra indarra egin gura dau hezkuntzeak. Baina, taldeak eta taldeak dagoz, eta kontua da taldean baizen elkarkidetzan hezi behar geunkela. Benetako taldea talde kohesionadua da, unidade bat, ez hainbat kideren batura hutsa.
Elkarkidetzan tarte handia hartzen dau giroa sortzeak, aurkezpenak, alkar ezagutzeko jarduerek… teknika eta dinamika asko egin daitekez horretarako, baina ez dira nahikoa testuinguru egokia lortzeko. Teknikek eta dinamikek lagundu egiten dabe, baina, testuinguruak eredugarri izan behar dau. Alperrikoa da, berbarako, ikasleak taldean lan egiten ipintea, irakasleen artean alkarkidetzarik ez badago. Ikaskidetza da helburua: taldean eta modu koperatiboan ikastea. Helburu komun baten alde, alkarmenpekotasun positiboan, banakako konpromisoak eta erantzunkizunak hartuta eta komunikazinoa ardatz dirala egin behar dabe lan ikaskuntzan parte hartzen daben eragile guzti-guztiek.
Berba potoloak dira horreek danak, baina funtzionau egiten dau. Halan autortu deuskue formazinoa jaso, aplikau eta alkarkidetzea praktikan ipini dabenek. Eta geuk be halan dala ikusteko erea euki dogu ikastaroan bertan egindako praktika txikien bidez eta hurrengo eskolan irrikaz probau dogun saioren baten. Hori bai: txipa aldatzeko prest egon behar da eta txipa aldatu egin behar da; ostean, betikoan gagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!