Deskonexinoa
2017-08-15 19:51Udaldian zerk eragiten ete dau deskonexinoa?
Ibili naz lan-bidaian, ikasten; ibili naz udako ikastaroetan, fabulatzen; ibili naz senidearen etxean, paisaje aldaketan pasieran; ibili naz egitekoen zerrendakoak ezabatzen, opor-lanean; ibili naz hor zehar, turista.
Zapaldu ditut soldaduei heriotza zein babesa ekarri eutsiezan hareazko muinoak, irakurri dodaz gerra-taktiken inguruko afixak, entzun dodaz oraindino bizirik dagozan soldadu zaharren ondorengoek jotako gaita-doinuak, errezu antzekoak egin dodaz kanposantuetan, ikasi dodaz tankeen izenak, eta planeadoreenak…
Eta konturatu bere egin barik milaka pausu egin ditut, egunero-egunero; eta ez dot beste ezertan pentsetako tarte txikienik bere euki, ezta irakurketarako bere; eta egunak hordituta oka egin beharrez ohean etzuteagaz bat lokartzen izan naz, ondokoari gabon esateko denpora barik…
Bijearen zurrunbilotik urten arte ez naz benetan jaubetu egunerokotik atera nauena ez dala izan ez ikastaroa, ez bidaia, ez etxe-aldaketea, ez mapei begiratu beharra, ez nekea… telefonoa internet konekzino barik eukitea baizen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!