Akordau ezinik, udako ikastaroan

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-07-30 12:43

Mariasun Landaren ikastaroan ondutako ariketatxu bat dakargu bertora gaur bere. Idazten ipini gintuan, beti.

Berandu ailegau naz Mariasunen eskolara. Ikasleak lanean dabiz daborduko, idazten. Nik ez dot egitekoen jarraibiderik entzun eta lotsea dala eta edo, ez dot ezer galdetu. Imaginau egin dot ariketea: Idazlana: zer egin dozu gaur?. Horixe galdetu dau, seguru, atzoko idazlana: zer egin dozue oporretan? haren bidetik.

Bada, nik ez dot ezertxo bere egin oraindino: lo geratu naz Gasteiztik Donostiarako autobusean, eta egia esan, ez daukat gogoan zelan etorri nazen autobus-geltokitik Miramar jauregiraino. Ez daukat ezer akorduan, borrauta nago. Gaur zer egin ete dot? Zelan ailegau naz bertora? Ez dakit, ez daukat gogoan.

Ostera, akorduan daukat umetan amak opil uruneztatuak ekarten zituala okindegitik, eta amamaren zapatak jantzita sukaldean takoiakaz jo eta jo ibilten ginala, eta harizko galtzerdiek pikau egiten ebela. Akorduan daukat andra zaharren galderak zentzubakoak irudituten jatazala, eta izeko-osabak Frantziatik ekarritako txankleta urdinek ostadarraren koloreko zintak eukiezala, eta aititak arrantzatutako lubinetak jaten genduzala. Akorduan daukat neure itzala pasilloan, sukaldeko atearen aurrean. Akorduan daukat ez jatala bapere gustetan puntzoiagaz marreari jarraituta irudiak ebagitea.

Akorduan daukat bibolina jausi jatala eskaileretan behera, hasarratu eta kopetako ulea moztu nebala labur-labur, eta bonboiak topetan nituala erropen kaxoietan. Akorduan daukat ezin izaten nebala lorik hartu lehen eskola egunaren bezperan, eta korrika joaten nintzala sutondora dutxearen ostean, eta furgoneta-zaharraren eskeletoa geunkala etxe atzean, eta txokolatezko Kinder arrautzea jaten genduala eskaileretan jarrita, eta telefono-zenbakiak buruz nekiazala. Gaur zer egin dodan, ostera, asmau egin beharko dot, Mariasun.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu