Espilua

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-05-23 12:44

Latinetik hartutako mailegua da espilua (speculum), eta Lazarragaz geroztiko testuetan dago jasota euskal testuetan. Ispilua izango da aurtengo ardatza Literaturia jaialdian, eta Gure isla da da aukeratutako leloa. Izan bere, antolatzaileek dinoen legez, askotan jazoten da irakurten hasi eta zeure burua deskubriduten dozula bat-batean, esaldiren baten, pasarteren baten… Horrez ganera, espilua sarri agertu izan da literaturan, eta indar handiko ikurra da.

Espiluak garen legetxe islatzen gaitu, akats eta guzti (angelu beretik beti, ostera), eta hori dala eta, egiagaz lotu izan da sarritan (egia erakusten eban Edurne Zuriren espilu magikoak, eta ez ei eutsan egundo guzurrik esaten erregina gaiztoari). Era berean, espiluak bueltea emoten deutso egiari: halan da Kixotean, Espiluen Zaldunaren pasartean; errealidadea aldatu egiten dau espiluak, beraz.

Aztiarenak egiten ditu espiluak, etorkizunean zer jazoko dan itaundu eta haxe erakutsi izan dau ipuin asko eta askotan. Asagoko lurraldeetan gertatzen dana bere erakutsi izan dau. Horrezaz ganera, beste lurralde eta mundu batzutara pasetako bide bat bere bada, ate bat (halantxe da Alizia herrialde miragarrian lanean).

Japoniako mitologian eguzkiaren argiaren errepresentazinoa da espilua. Greziar mitologian, ostera, Nartzisogaz dago lotuta, norberaren egoagaz zeozelan esateko. Bada, Borgesen poemetan behin eta barriz agiri da, labirintoagaz batera; izan bere, gauza guztien barruko simetria sekretuaren inguruko Borgesen obsesinoaren isla da espilua. Espilua da gure barrukoa kanpora ataraten dauena.

Espilua norbera da, ni, baina baita nire beste ni bere; espilua da ni eta bestea bat eginik. Espilua da magia, literaturea legetxe. Norberaren espiluak eta besterenak, asteburuon, Literaturian (eta urte osoan bertoko eta mundu osoko testuetan).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu