Kontzertuetako fauna

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-05-14 16:44

Aspaldi kontzertu batera joan barik, eta ahaztuta neukan bankuan agindua emon behar dodala online erosketak egiteko, kodeak telefonora ailegetan ez jatazala eta txartelak eskuratzeko lagunak endredetan ibili behar ez izateko. Aspaldi kontzertu batera joan barik, eta ahaztuta neukan zelako faunea ibilten dan halakoetan. Batzuk, bakarrik joaten dira, eta besteak taldean, esaterako.

Kontzertuetan badagoz denpora askogaz joaten diranak, sarreran ilaran parau eta sarrerea eskuan itxaroten dabenak. Badagoz azken minutuan ailegetan diranak, sarrerea boltsan galduta, bila eta bila ibilten diranak zein halangoak ekiditeko eskuko telefonoan gorde eta gailuan erakusten dabenak.

Badagoz kontzertuetara jakea etxean itxita doazanak, ilaran euria hasi dala eta busti-busti egiten diranak edota beroari jakea jantzita eusten deutsienak, inor molestetan ez ibilteagaitik, jakea itxiteko lekurik topetan ez hasteagaitik edo garritik ez eskegiteagaitik. Badagoz aterkina non itxi jakin ez eta aretoan txoko baten bila ibilten diranak, jakea behin eskegi eta akabau artean batzen ez dabenak, edo kontzertuan hiru-lau bider jakea eskegi daben lekura bueltetan diranak, mosuzapien bila, mosuzapiak itxiten, lagunari jakea barriz eroaten…

Kontzertuetan hasi aurretik trago bat eskatu eta orduetan berau eskutan daukiela gitxi mobiduten diranak badagoz, bai eta barrara hiru-lau buelta egiten dabenak, kontzertua barratik bertatik entzuten dabenak, edo basuan daroena inoren arropetan isurtzen deutsienak.

ontzertua isilik entzuten dabenak badagoz, edo kantak xuxurlatzen dituenak, edo abeslariaren larruan ipini eta ahotsa galtzen dabenak. Badagoz ondokoari berbaz hasten jakozanak, ondokoaz nekatu eta haizea hartzen botaten dituenak, edo ondokoari kordela emoten deutsenak.

Kontzertuetan espazio oso gitxi behar dabenak badagoz, justu-justu txalo egiteko mobiduten diranak. Badagoz, ostera aurrekoek erabilten ez daben espazioaz ganera askoz gehiago hartzen dabenak, besoak zabalean zabal jantzan egiten dabenak eta ondokoa bultzatzen dabenak. Ondokoarengandik igesi kontzertuan zehar lekua aldatzen daben entzuleak badagoz, edo tarte osoan musikariak angelu beretik ikusten dituenak.

Aurrean zalerik morroskoenak parau dirala eta musikariak ezin ikusita ibilten diranak badagoz, bai eta kontzertua aurrekoek gora jasotako mugikorretako pantailetan zehar ikusten dabenak. Badagoz bideoak grabetan dituenak, argazkiak egiten dituenak, eta abar eta abar eta abar.

Eta badagoz aurreko horreeri danai begira egoten diranak, blogean zeozer idatzi behar eta ikusitakoakaz post bat beteteko izango ete diran buruan darabilenak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu