1998ko Ibilaldiaren akorduak 2017an

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-02-13 11:51

Sarri bere sarri ailegetan jakuz sareetatik mezu, argazki, txiste eta bideoak. Iragazi egiten doguz, batzuri paso, besteri irri… Batzuk zer diran bere begiratu barik borrau egiten doguz; eta, beste batzuk, ostera, hunkitu egiten gaitue, pentsauarazo… eta, kasuren baten zeozer idaztera bere eroaten gaitue; halantxe suertau jat sakelakoan Zer da ibilaldia? Ibilaldia 98 izeneko bideoa joka hasi danean.

Ikusi egizu bideoa esteka honetan: https://www.youtube.com/watch?v=SE8qDI71ano

Ikusiagaz bat ezin izan deutsat eutsi hunkitzeari, ezin izan deutsat eutsi bertako itaunei erantzuteari, eta ezin izan deutsat eutsi zeozer idazteari. Estimatutako lagun eta langileak ageri dira irudietan, bide luzea egindako guraso eta ikaskideak… Zenbat eta zenbat behar, zenbat eta zenbat inplikazino… nork bere istorioa dauka, nork bere kontuak dakarz... Honeexek dira nireak:

Nik kantearen zatitxo bat badaukat akorduan: asautik etorritako piratak, lurreko altxorrak topatzeko aspaldi kezkatuta… ikastolan musika-orduetan prestau genduan eta! Akorduan daukat CD bat be euki nenduana... Akordetan naz orduantxe jabetu nintzala lehenengoz herrian musikari ezagunak eta letragileak bere baegoazala, herrian baegoala sorkuntza-sen bat edo.

Akorduan daukat urte haretan kultur ekitaldiakazko lotura estutu egin nenduala. Akorduan daukat, kasurako, lehenengoz ikusi nenduala bertatik bertara Mikel Laboa, Mungiako kiroldegian, eta hotz galanta egiten ebala, eta bufandea kendu barik kantau ebala… Akorduan daukat, esaterako, Agatha Christieren obra bat urte haretan ikusi nenduala lehenengoz, Sagu tranparen eszenaleku bihurtu zalako Circuito aretoa asteburu batez. Maria Bayo nor zan, Uriagereka zetan ebilen munduan zehar… orduan jaubetu nintzan, adibidez.

Baina, ezer badaukat bereziki akorduan, 98ko apirilaren bueltan Mungiako frontoian egin zan bertso-saio bat da; bai, norberari eragiten deutseen kontuak gogoratzen ditu batek eta... Ibilaldiak antolatutako ekitaldi hartara, Jon Lopategik Fredi Paia ekarri eban agur bertsoa egitera; bada, saioa entzun genduan eta urtekeran Jon Lopategiri agur egin geuntzon (urte batzuk lehentxuago ikastolara etorten izan jakun hamabostean baten bertso-eskolea emoten): bera be akordetan zan idatziz gustora ibili izan zan neskatxuaz eta bat-bateko taldeagaz bat egiteko gonbitea egin eustan. Sarri pentsau izan dot nire golkorako: Ibilaldia izan ez balitz, ekitaldi haretan Lopategi topau ez banendu... Horixe da ba istorioa: 98an, Ibilaldiaren urte haretan, hasi nintzan bat-batean bertsotan. Esan dot ba esan lehentxuago kultureagazko harremana estutu nenduala Ibilaldiari esker, eta halantxe sentitzen dot oraindino gaur bere.

Kultureagazko harremana estutzeaz ganera, ikastolako guraso eta ikaskide askogaz be loturak indartu genduazan etxekook orduan: akorduan daukat amak erropa-salmentearen taldean emon ebala izena, eta urtean zehar asko eta asko izan zirala Ibilaldiko erropak saltzera joateko atxakian bisitau genduazan herri eta ekimenak (bide batez, ez dakit bestelango logorik eroan genduan urte haretan soinean…). Esango neuke, ordura arte, batez bere gelako lagunak eta gelako lagunen gurasoak ezagututen genduazala ikasleok behintzat, baina Ibilaldia izan zan beharrean ibili ziran beste familia askogaz harremanak ehuntzeko urtea. Orduz geroztik esaten deutsagu Paisa Mari Karmeneri, kasurako; zenbat kamiseta ez ete zituan saldu… itxiko ete eban herririk postua ipini barik?

Eguna bera, ostera, ez daukat oso ondo akorduan (gogoratzen dodan apurra da goizean euriaren beldur izan gintzela, txubaskeroa aldean geunkala, lagunaren amaren garajean itxi genduala autoa, aparketako arazoak eukiko genduazala eta; lagunakaz emon nenduan eguna, hori badaukat gogoan). Hurrengo eguna, bai, akorduan daukat: betiko legez joan ginan ikastolara, baina ordu batzuk bestelango beharretan emon genduazan, zabor-biltze ikaragarria egin genduan ikasleok; txikitxuenek ikastola-bueltea atondu eben, nagusitxuagoak autobusean eroan ginduezan; geuri Beyenako lantzarra tokau jakun: plastikuzko edalontziz forrauta egoan. Zenbat zabor-boltsa ez ete genduzan batu… klasekideren batek diru apur bat bere topau eban zaztar artean…

Funtsean eta labur, bideoak eragida eta atzera begiratuta, esan neike oso urte berezia izan zala ha, eta batez bere urtean zehar egindako bidea daukadala gogoan, bai eta oso sakona dana urte hak itxitako arrastoa bere, kultureagazko loturea, beharrean ibili zan jendeagazko loturea… Bada, horixe opa deutset aurten, ia hogei urte joan diranean, guraso, ikasle eta beharginai: aurtengo leloak dinoan lez, egunero alkarregaz gogotsu beharrean gozatu dagiela Ibilaldia 2017 antolatzen, estutu dagiezala loturak, pertsonakaz, ikaskideakaz, gurasoakaz, hezkuntzeagaz, hizkuntzeagaz, kultureagaz, beste ikastola batzukaz… gitxienez, beste hogei urterako.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu