Esan gauza politak be umeai

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-02-02 16:22
Sarri ondo esanak eta eginak berez berez halan behar dabela eta goratu beharrik ez dagoala uste izaten da; umeek txarto esandakoak zein egindakoak zuzentzeko, barrez, atoan erreakzionetan dabe nagusiek. Bada, gogoaratu egizu umeai gauza politak bere esan behar jakiezala.

Seguru antzean gogoan daukazuz umetan esaten eutsuezanak “zazkel hori”, “mari zikin”, “zoaz umeakaz olgetan, honeek nagusion kontuak dira-ta!”, “baia, baia, baia, zer zorakeri da hori?”, “oin bere zure istoriookaz?”, “ez da halan esaten, beste honetara esan behar da:…” eta abar eta abar eta abar… Baia, gogoan ete daukazuz ondo esanak goratzeko esaten eutsuezanak? Izan bere, sarri  ondo esanak eta eginak berez berez halan behar dabela eta goratu beharrik ez dagoala uste izaten da; umeek txarto esandakoak zein egindakoak zuzentzeko, barrez, atoan erreakzionetan ei dabe nagusiek.

Orain dala egun batzuk sareko txio baten “umeei esan beharreko 50 esaldi” irakurri eta bertara jo neban, zer ete egoan. Bada, bertan jasoten dira konfiantza emotekoak: “konfiantzea daukat zugan”, “ondo egingo dozula sinisten dot”, “ondo zabiz”, “ene bada, zelan lortu dozu?”…  edo esfortzua eta sufrimendua onartzekoak: “lan asko egingo zenduan hau lortuteko, ezta?”, “ondo antolatu zara gero hori egiteko!”… edo alkarregaz emondako denporea eskertzekoak: “ederto egon naz zeugaz batera”, “zeugaz atzera egoteko irrikaz nago”, “oso lagun interesgarria zara”… edo emoitzak balioestekoa: “ta zeuk, zer deretxozu?”, “zelan geratu dan gustau jatzu zuri?”, “zer da gustetan jatzu gehien?”, “aurrekoan baino hobeto geratu jatzu, ezta?”,  “zer sentitzen dozu hau ikusita?”… edo laguntzea eskertzekoak: “eskerrik asko egin dozunagaitik”,  “laguntza handia emon deustazu”, “eskerrik asko ulertuteagaitik”, “asko lagundu deust horrek, eskerrik asko”, “zeugaz batera atoan eta ondo akabau dot”. Inguruan ikusten diren gauzak, onerako bere, esan egin behar dira: “garbi bere garbi itxi dozu logelea!” … bai eta sentitzen diranak adierazi bere:  “gustora egiten dot hau zeugaz batera”, “talde bat gara”, “pozik nago zeugaz”, “gauza horreek entzutea gusteten jar”…

Bada, ildo horretan, burura jatort, hizkuntzeagaz eta komuniketako gaitasunagaz lotuta bere, antzeko mezuak txertatu behar geunkezala umeakazko hartu-emonetan, eta ez bakarrik txarto esanak eta idatziak zuzentzeko kontuak nabarmendu. Seguru bere seguru pozarren entzungo ditue: “ederto azaldu dozu kontua”, “ez neuke nik horren ondo esango”, “bai istorio ederra”, “asko gustau jat zelan kontau dozun hori”, “bai berba polita”, “ze soinu ederra daukan berba horrek”, “kontauko deustazu atzera?”, “eskatuko dozu zeuk, ederto egiten dozu ta”, “idatziko deutsazu zeuk, ondo baino hobeto idazten dozu…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu