EkoLinguA eztabaida-saioak (eta VI)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2017-01-23 10:18

EkoLinguA eztabaida-saioetako gogoetakaz akabetan joateko, irakaslegaien arteko gogoeten artean oro har arretea jo eta arduratuta itxi naben kontu batzuk ekarri gura neukez oraingo honetan.

Eskoletan euki dodazan ikasle ia dan-danak bizi eta hezi izan dira, oro har, eremu eleanitzetan, eskolan hainbat hizkuntza ikasi izan ditue; baina, esango neuke ez deutsela hizkuntzak jakiteari eta egiteari balio erantsirik autortuten alderdi utilitaristatik haratago: CVa loditzeko kontu bat baino ez da, halako postutan sartzeko baldintza, eskatu egiten dalako ikasten dabe, derrigor ikasi beharreko beste gai bat da askorentzat hizkuntzea. Aurreko horreetako batzuk bere badaukaz hizkuntzak ikasteak, egia da, baia ardurea eragiten deust jakintzeak berak galdu (edo inoz euki ez dauen?) balioak. Hainbat jarduera gustau egiten jakiezalako, denporea emotearren… egiten ditu personeak, eta beharbada mundu honetatik kanpo nago daborduko, baina hizkuntza bat gehiago jakiteko, ikastekojakinminez edo gustuz ikasten dauen ikaslearen zain nago oraindino. Etorkizuneko irakasle izango diranai hizkuntzak ikastearen alde onez galdetu eta a) diskurso ikasiak dakarrez edo b) kostau egiten jakie arrazoiak topetan.

Ikasitako diskurso horreekaz lotuta datoz, esaterako, hartu beharreko neurrien ganekoak:  udalek egin behar dabe,  Osakidetzak halako neurri hartu behar ditu, eskoletan halan eta bestelan irakatsi behar da… arrazoiak bata bestearen atzetik datoz. Ardura eragiten deustena hauxe da: guk geuretik ezin dogu eragin, ez daukagu potererik, edo ez daukagu zereginik langoak entzuteak. Baietz esaten deutset nik, norbanako legez eragin leikiela, bai eta lan egingo daben eskoletan bere, erantzukizun handia daukiela persona legez eta etorkizuneko irakasle legez. Bada, pena eta amorrua, edo bien arteko zeozer, eragiten deust erantzukizuna inorenean soilik ikusten dabela jakiteak: hezkuntza sailak eragin behar dau, ez guk irakasle legez, ikasleek ikasi behar ditue hizkuntzak eta non geratzen da norbanakoaren eta irakaslearen erantzukizuna? Irakasleak ez dau eragin behar? Ez dau ikasten segidu behar? Danok eragin geinke, eta norberak egiten dauen apurra gauza handia izango da. Ez daiguzan gure ikasleak ezkortasunean hezi: gauzak sortu leikiez, gauzak aldatu leikiez… are gehiago, inork egingo badau, eurak egingo dabe.

Ikasleai euskerearen aktibazinorako ideien inguruan galdetuta beti-betiko ideiek urteteak ardura eragiten deust: nork bere lantokian, tabernetan, dendetan… bereizgarriak ipini behar dira, dinoe, euskeraz dakiela identifiketako. Eta nik neure golkorako: imajinatzen dozue gaztelaniaz egiten dot adierazteko txartel bat ipintea lepotik eskegita? Bada, ardurea eragiten deuste beti-betiko ideietatik urteteko gai ez garela ikusteak, betiko kontuetan, betiko jarduerak antolatzen ez ete gabiz behin eta barriro, emoitzarik bakoak dirala onartu barik? Noz egingo dogu benetako autoebaluazinoa? Noz emongo ete deutsagu bueltea?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu