EkoLinguA eztabaida-saioak (V)
2017-01-10 21:46Ikasleakaz egindako EkoLinguA eztabaida-saioetatik gogoeta gehiago dakardaz oraingoan bere. Hari baten inguruan talde txiki batek edo besteak plazaratutako ideak barik, han eta hemen nahas-mahas geratu diran ideak batu dodaz saileko bosgarren post honetan.
Ikasleetako batek dino gogoetarako kontua dala hauxe: zergaitik ez naz eroso sentitzen euskeraz beti-beti ikasi izan badot euskeraz?. Eta, zerk dakar erosotasuna?. Ikasleak argi daukie eremu soziolinguistikoak asko baldintzatzen dauala euskaragazko hartu-emona, euskaraz egiteko ohitura… Zer egin? Ikasleetako batzuk dinoenez, inpotentzia sentitzen dabe eurak be, ez dakielako zelan lagundu euskerearen sustapenean. Edozelan bere, jakitun dira ikasleak: eurak dira euskaraz ez egitearen erantzule.
Ikasle euskaradunek dinoenez, unibersidadera iristean eta ez dabe zabarrak izan gura ikaskide barriakaz, eta askotan erderara jo izan dabe lehenengo hartu-emonean inori aterik ez ixteko, danakaz harremanak eukiteko… Halan da ze, gazteleraz sortzen dira hasierako harremanak; eta onartzen dabe: gero, oso gatxa izaten da ohitura horreek aldatzea.
Aurreiritziak dirala eta, ikasle baten gogoeta hauxe izan da: Orain arte sarri pentsau izan dot gure arteko askok, euskeraz egundo egiten ez dabenak, euskereagazko jarrera txarra daukiela, uko egiten deutsiela eta ez dabela ezer bere jakin gura. Baina, harritu egin nau, eta era berean poztu, erdal eremuko ikasleetako bat entzun dodanean esanez inbidia sentitzen dauala euskal eremuko ikasleak euskeraz errez-errez egiten.
Ikasleak borondate onekoak dira: hizkuntza baten eroso sentidu ez baina ikasi eta praktikau gura dauanari lagundu egin gura deutsie; konpromiso hori hartzeko prest dagoazala dinoe. Ez jat unean-unean etorri baina, zergaitik ez ete dabez, adibidez, hizkuntza-zuzentzaile tandemak egiten? Hori neuretzat apuntauko dot, datorren urteko ikasleai planteatzeko. Euskarazko ereduan ikasi dauan ikasleak lagundu egin leio erdal ereduan ikasitakoari, berbarako, euskeraz idatzi beharreko lanak zuzentzen, eta alderantziz; eze beti euskal ereduan ikasi izan daben ikasleek aitortuten dabe eurai bere kostau egiten jakiela erderaz idaztea batez bere (berba egiteko ez daukie hainbesteko zailtasunik).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!