EkoLinguA eztabaida-saioak (IV)
2017-01-04 22:24Aurreko hiruretan legetxe, orain be euskerearen inguruan antolatutako EkoLinguA eztabaida-saioan etorkizuneko irakasle-talde bateko kideek plazaratutako ideakaz nator.
Eztabaida-saioetan parte hartu dauan talde txiki batek albo batera laga ditu barriketaldiko testigantzak, eta taldekide baten egoerea hartu dau ardatz legez saio osoan: hain zuzen bere, eztabaida-taldeko neska batek ez ditu oinarrizko ikasketak euskaraz egin (A ereduan ikasi izan dau beti), baina irakasle-eskolara etorrita, titulua lortzeko, gitxieneko kreditu batzuk egin behar ditu euskeraz (ondo deritze ikasleetako batzuk, etorkizunean eremu euskaldunean irakastea tokatuko jakolako inoiz edo behin; bestelako eretxia daukie beste batzuk). Bada, egoera horrek hainbat eztabaida eta eretxi-truke ekarri ditu ikasturtean zehar, eta hagaitik ekin deutse auziari eztabaida-saioan.
Neskato horrek berak dinoanez, derrigortuta ikasi beharraren beharrez euskereagazko arbuioa sentitzen dau. Zehatz esanda inposatu berbea darabil, hizkuntzea inposatu izanak eragin dau gaitzespena beragan. Bere egoera kontatu dau, bere gurasoen erabagia izan zala berak A ereduan ikastea, eta bere inguruan bizimodua egiteko ez dauala egundo euskerearen beharrizanik sentidu, eguneroko dan-danak gaztelaniaz egin izan dituala eta egiten dituala gaur egun bere. Neskeak dinoanez, gurago leuke ikasketak bukatu ostean ekin euskerea lantzeari, eta ez dau ulertzen hizkuntza bat ez jakiteagaitik gaitasun akademikoa edo titulua ukatzea; irakats-gaitasuna badaukala dagoeneko, eta eskola publikoetan aritu gura izan ezkero, gero bere eukiko dauala aukerea euskara ikasteko eta seguruena motibatuago eta presinorik barik hobeto egingo leukela.
Bere egoeran edo antzekoan dagoazan beste ikasle batzuk dinoe ez dala bidezkoa erdal eredutik etorritako ikasleak euskarazko ikasgaiak egitera behartzea; izan bere, euren eretxiz, unibersidadeak eta irakasleek ezelango laguntzarik eskaintzen ez dabe eta modu horretan ikasketa-prozesua erraztu barik zaildu egiten da. Ikasleetako batek esan dau hoba dala unibersidadeak beharrizanik ez markatzea, ikasle bakotxak ikusi, erabagi eta ikasi behar dauala gerora, lanerako, halako edo bestelako hizkuntzea; baina ezelan bere ez erakunde baten presinopean.
Partaideetako batzuk, ostera, ez datoz aurreko horregaz bat. Batek aitatu dauanez, berari bere gaztelania inposatu deutse, eta berba hori darabilela dino hori dalako garaitiko partaideak darabilena.
Beste batek dino ez dagoala A eredutik etorritako neskaren egoeran, baina enpatizatzeko gai dala, ingelesa inposatu deutsela-eta ikasketa-prozesuan. Bada, hori entzutean beste partaide batzuk bere erreakzionau egin dabe: A ereduko neska horri euskereagaz jazoten jakona jazoten jake ingelesagaz, gorrotoa bere hartu deutse, eta ez daukie ikasteko motibazinorik. Hain zuzen bere, motibazinoa da hizkuntza bat ikasteko gakoa. Bada, ikasleek atera daben ondorioetako bat izan da euren erantzukizuna bere badala euren etorkizuneko ikasleak hizkuntzak gorrotatzera ez iristea, eta motibazinoa eta diskurtsoak landu beharko dituela. Nik neuk hauxe pentsau dot: zergaitik hartzen da euskara ikastea oro har, inposaketatzat, eta ez, ostera, ingelesa ikastea? Baina, eztabaidari bere bidea egiten itxi deutsat, ez dot irakasle-legez hitzik hartu: eztabaida-saioa ikasleen berbarako gunea da. Batera eta bestera ibili dira eta haritik tiraka beste eztabaidagai bat suertau jake gero: zenbat euskara/gaztelania/ingeles ikastordu dira beharrezkoak hezkuntzan? Bardin jokatu behar ete da eremu danetan? Partaideetako batek dino eremu euskaldunetan ingeles eta gaztelania orduak handituko lituzkela, eta eremu ez-euskaldunetan, ostera, euskarazko orduak indartu. Tartean beste kontu batek bere urten dau ikasleen hizpidera: zer dala eta eskatzen jakie ikasleai halako euskara mailea, irakasle askok mailarik ez daukienean? Hori planteau dabe partaideek.
Halango baten, partaideetako batek, lehengora etorri gura izan dau: egoerak aldatu egiten dirala esan dau: berak bere behartuta ikasi ei dau eskolan euskara, baina, eginaren eginaz, ikasiaren ikasiz, gero eta bereago sentitzen dau, eta bere euskereagazko sentipenak onerako aldatzen ari dira. Halango diskurtsoai bozgorailua ipini behar deutsegula pentsau dot nik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!