EkoLinguA eztabaida-saioak (II)
2016-12-15 20:13Atalka ekarri gura neukez EkoLinguA eztabaida-saioetan azaleratutako gaietako batzuk; ez dira danak nireak: graduko azken urtean dagozan ikasleen gogoetak dira. Sarri ez dakargu gakorik, egoeren deskribapenak baino; lantzean, dana dala, neure eretxiak edo akorduak bere txertatuko dodaz. Dakardazan gauza asko eta asko jakinak dira eta danok be konturatuta gagoz halangoakaz daborduko.
Lehenengo EkoLinguA saioan eremu erdalduneko neska-mutil bik eta ikasturte baterako gurera ikastera etorritako neska katalan bik parte hartu eben. Joko-txartel bateko testigantzaren harira, eta euren bizipakazn lotuta sortu zan lehenengo eztabaidagaia: talde batera hiztun ez-euskadun bat batu eta horrek zelan eragiten deutson talde euskaldunari. Euskaraz ez dakian personea alboratzen ete dabizan eta larritu egiten dala aitatu eban euskal hiztunetako batek, halango kasuetan erdarara joteko beharra sentiduten dauala. Katalanei ez jakie halangorik suertau hona etorri diran artean, izan bere, katalana eta gaztelania antzekoak dira, eta batean edo bestean eginda alkarrizketak segidu egin daitekez gitxi gora behera, eta ez dabe hainbesteko beharrizanik sentitzen hizkuntza batetik bestera derrigorrez salto egiteko. Gaiari lotuta ez dakienagazko errespetuak urten dau bidera…
Euskaldun zahar/barri banaketaz bere aritu dira lau ikasleok. Izan bere, bere burua euskaldunbarritzat aurkeztu dauan euskal hiztunetako batek aitatu dau euskaldun zaharren aurrean deseroso sentitzen dala batzutan, uzkur, intimidauta, eta sarri gurago izaten dauala erderara jo jaiotzetik euskerea dominatzen daben persona horreekaz. Ikasle katalanei kontzeptua bera egin jakie arrotz: ez dabe halango bereizketarik egiten eurak katalanez: katalan hiztuna zara edo ez zara, ez dagoz hiztun barriak edo zaharrak. Aitatu dodan euskal hiztun horrek saio osteko gogoetan autortu dauanez, beharbada norberaren pertzepzinoak dira gainditu beharrekoak, eta euskaldunbarri izateagaitik harrotu, kikildu ordez.
Euskaldun zaharrak euskaldun barriakaz berbetan bere deseroso egoten ei dirala aitatu dau beste euskal hiztunak, eta sarri euskaldun barriek praktikau gura dabenean bere euskaldun zaharrek joten dabela erderara; nik esan deutsat: horrek esan gura dau, orduan, euskaldun zahar horreek gurago dabela erderaz egin, euskaraz baino? Saio-osteko ondorioetan ondo idatzi dau euskaradun horrek: ez ete da kontraesana euskaldun zaharrek euren hizkuntzea hainbeste maite izanda hizkuntza hori ikasi daben personak gitxiestea, balioa erantsi, errespetau eta lagundu beharrean?
Bada, ideon harira, euskal hiztunak aktibatzeko gako bi dagozala nabarmenduko neuke:
Batetik, besteaganako errespetua geuganako errespetu bihurtu behar geunkela, eta besteari irakatsi behar geunzkiola ez gagozala haren kontra egiten, geure hizkuntzearen alde baino, eta, halaber, prest gagozala, interesik baleuka harentzat, darabilguzanak erderaz be esateko. Izan be, ez dakit ba sarri zerk eragiten deutson ez dakianari mina: eurakanako errespeturik ez daukiela pentseteak, lotseak, euretaz dabizala uste izateak ala besteak zertaz dabizan ez jakiteak…. Akordura jatort Parisen, bertako erdara baten nenbilala eta, isiltzeko eskatu eustan autobus-bidaiariarena (eta ez, ez nenbilen altu berbetan, esango neunke zertaz eta zein hizkuntzatan genbizan ez jakinda beldurtu egin zala).
Bestetik, komenidu da lantzean behin gogoraraztea euskaldun barri eta zaharrik ez dagoana daborduko, ia-ia ume danak eskolan euskaraz ikasten daben sasoiotan kontzeptua, beharbada, zaharkituta dagoala. Euskal hiztun aktiboak eta ez aktiboak dagoz nire begietara, eta euskerak aurrera egingo badau, eskolan ikasitakoak aktibatzen diranean egingo dau aurrera, euskaldun kopuruak horreek ikasita gora egin dauen modu berean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!