EkoLinguA eztabaida-saioak (I)

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2016-12-13 12:39

Gai gatazkatsuen inguruan eztabaidatzeko jokoak dira Play Device izenekoak, eta euskerearen egoerearen ingurukoa bere badago (euskeraz eta gaztelaniaz): EkoLinguA. Herritarrek hizkuntzen inguruan darabizen argumentuak indartuteko eta egoera linguistikoei ahalik eta erantzunik egokienak emoten lagunduteko helburuagaz sortu eben jolas hau Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistika Klusterrak.

Geletan euskerearen erabilerea aktibatzearen ganeko ikastaro baten euki dot nik EkoLingua solas-jokoaren barri, eta ikastaroan interbentzino bat egin behar genduala eta, ikasleakaz eztabaida-saio bat antolatzea erabagi neban. Alde batetik, hizkuntzen inguruko diskurtsoen lanketak zein hizkuntza-egoeren kudeaketak zerikusi zuzena dauka aurten emon dodan ikasgaiko gaiakaz (ikastetxeetako hizkuntza-proiektuari buruzko ikastaroa da). Beste alde batetik, gaztelaniako taldeko eta euskarako taldeko ikasleak daukadaz aurten gaztelaniaz emon beharreko eskolan, eta ikasleen artean sarri sortu dira eztabaida sutsuak: zergaitik ikasi behar ete daben derrigorrez batzuek euskarazko hainbeste kreditu, zergaitik emon behar ete daben ikasgai hau gazteleraz beste batzuek, hau ez dakit zein herrialde dala batzuk, bestea beste batzuk... Alkarri egundokoak esanda moztu behar izaten zan sarri eztabaidea (eztabaidea barik truke bako mezu-jaurtitzea izaten zan ha…). Halan da ze, esku-eskura etorri jatan solas-jokoa, eta zeozelan, eztabaidea bera gidatuta, emoitza zein ondorio hoberen bat atarateko esperantza sortu jatan.

Hiru fase daukaz eztabaida-jolasak: lehenengo fasean hizkuntza-ekologiaren kontzeptu-gakoak edo oinarriak zein diran irakurteko tarte bat egoten da, eta oro har dan-danak etorten dira bat: hizkuntza-aniztasuna gorde behar da, arnasguneak zaindu, euskara gizarte-eremu askotarikoetara zabaldu eta komunitatearen erantzukizuna azaleratu. Eztabaida, baina, gero sortuten da, txarteletan aukeratzen diran testigantzen berri emonda hizkuntzagazko egoera pertsonal askotarikoak agertzen diranean. Izan bere nork bere bizipenak daukaz euskereagaz, eta horrek baldintzatzen ditu diskurtsoak. Bada, testigantza horreetako batzuk aukeratu eta burura etorritako kontzeptuak, galderak, erronkak… lantzen ditue parte-hartzaileek. Akabuan, egoera bat edo batzuk aukeratu eta talde legez zein modu pertsonalean konpromisoak hartzea da gakoa.

Gurean, aberasgarria izan da esperientzia, eta hona ekarri gura neukez bai neure gogoetak, bai ikasleenak (saio ostean hainbat galderari erantzuteko eskatu neutsen, neure aldetik ondorio batzuk atara guran). Baina, gaur danak aitatzeko modurik ez daukat: luuuze joko leuke. Halan da ze, bi-hiru ataletan ekarriko dodaz gogoetok.

Hemen esperientziaren inguruko eretxi orokorrak:

32 ikaslek parte hartu dabe orotara eztabaidetan, eta, orokorrean, danentzako izan da esperientzia aberasgarria. Bi saiotan egin ziran eztabaidak; lehenengoan, 5 laguneko talde bakarra izan zan (eremu erdalduneko euskaldun bi, Kataluniatik etorritako ikasle bi eta ni neu, taldeko gidari eta parte-hartzaile, era berean); bigarren saioan, ostera, 6-7 pertsonako lau talde batu ziran, eta talde batetik bestera ibili nintzan.

Dinamizatzailearen figurea finkoa izatea komeni dala, halan erakutsi deust niri behintzat esperientziak: talde bakarreko saioan, gidaria momentu danetan eurakaz egoala, ikasleak seguruago egon dira (eta halan aitortu dabe osteko galdetegian). Gainerakoen artean, partidaren hasieran batez bere, segurtasun faltea euki ebela aitortu dabe askok, ondo ibiliko ete ziran, eta ez ekiela oso ondo “nora” ailegau gura genduan.

Egon da modu pertsonalean eztabaida antolatu izana eskertu dauan ikaslerik. Laugarren mailan barik, lehenengo mailan egin behar zala saioa, horixe esan dau ikasle-talde batek, asko lagundu izango leukela horrek eguneroko harremanetan. Egon da baina, era berean, eztabaidatik ezer barririk atara ez dauan baten bat. Baina, orokorrean (%90), danai iruditu jakie esperientzia polita, eguneroko diskurtsoak kokatzeko, ingurukoen hizkuntza-esperientziak entzuteko, enpatizatzeko, norbearen ideiak auzitan ipinteko, eta benetan bere berba egiteko eta harremanak estutzeko.

Baten batek jokoak arau lar ez ete eukazan planteatu dau: ez ete zan hoba gaia bota eta taldeari eztabaida egiten itxitea. Bada, ez dakit ba nik, halan egin izan bagendu ez ete ginan eroriko atzera bere eskoletan zehar sortu izan diren truke bako mezu-jaurtitzeetan…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu