Editorea
2016-11-23 00:11Gane-ganean daukagu Durangoko Azokea, eta laster dira idazleak plazan, standetan, irakurleakaz berbetan... Bada, idazle askoren atzean editorea dago. Zein dira, baia, editorearen atazak? Zer egin behar leuke editore onak? Zeren parekoa da editorea? Itaun horreen erantzunetako batzuk batu dodaz edizinoaren historia garaikidearen ganeko jardunaldi batzutan, hainbat editoreren ahotik.
Elena Medel poeta eta editoreak hainbat definizino daukaz editatzea azaltzeko: editatzea da mezu bat bidaltzea, lagun egitea (liburuak ez, idazleak editatzen ditu berak), eztabaida sorraraztea, gizartean eragitea.
Pilar Alvarez Turner etxeko editoreak dinoanez, arazoa ez da eskaintzarik ez dagoala: inoiz baino eskaintza handiagoa dago, eta inoiz baino liburu ederragoak egiten dira gaur egun. Alvarezen ustez, beharbada gitxiago argitaratu behar da, eta gehiago trukatu.
Jabier Aparizio irakaslea da edizinogintzako masterrean Pompeu Fabran, eta bere berbetan, hauxe da editorea: irakurlea da, liburuaren eta munduaren irakurlea; editorea da antena bat, belaki bat, arrastelu bat, scout bat, agenda bat… Editorea da irizpidea, lokarria, poker jokalaria, ekoizlea, inbertsorea, bozgorailua. Editoreak lotu egiten ditu egiten jakitea eta sena.
Zer egin behar dau editoreak? Aparizioren esanetan, formazinoa jaso behar dau (enborrekoa eta osagarria, juridikoa, ekonomikoa, ediziogintzakoa, literaturakoa…); editoreak presaz lan egin behar dau, eta patxadaz erabagi; iraunkortasuna euki behar dau gogoan (hoba da hogei urtez 4. etxea izatea urte bakar baten 1. postuan egotea baino). Ikusgai izateko gogoa euki behar dau editoreak, eta, horrez ganera, atzera begiratu behar dau: lehengo praktika onak berrartu behar ditu. Editoreak lehiakortasunaren eta kolaborazinoaren filosofiari egin behar deutso men, eta existitzen ez dana ikusteko gai izan behar dau (izan bere, zer edo zer existitzen bada, konpetentziak egin dau). Editoreak bere egoa kontrolau behar dau, eta garaitikoenakaz biziten ikasi behar dau. Bakegilea izan behar dau editoreak, eta gatazkak ekidin behar ditu. Sarri egin behar dau kale, eta akatsetatik ikasi.
Apariziok etorkizuneko editorearen erronkak be aitatu ditu: etorkizuneko editoreak badaki bere negozioa globala dana, ez dago nazinoen edo hizkuntzen mende, konbentzinoen kontra egiten dau eta modu patologikoan erabarritzen da. Editorearenean ez dau balio beti egin dogu halan esateak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!