Xilaba: eguna Baionan emon osteko sei akordu

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2016-11-17 11:04

Joan zan zapatua Baionan emon genduan egunpasa, Xilaba bertso-txapelketako finalaren atxakian. Atzera begira ipini, egunaren errepasoa egin eta hainbat gogoeta jatordaz.

Bat. Baiona apur bat neurea bere bada, edo neu naz apur bat Baionarena… Beti (edo ia beti) da atsegina norberarena izandako urira bueltetea, bertan emondako lan- eta aisia-uneak etorten dira akordura norberarenak bere badiran kaleetan pausu bi egin ahala, norberarenak bere badiran tabernetan sartzean, norberarenak bere badiran dendetako eskaparateai begira, norberarena bere izan dan geltokitik pasetean… Zer esanik ez, merkatutik etxera bueltan doan Itxarori agur egin deutsazunean eta etxazpiko hanburgesa-saltzaileak ikusi eta zer moduz zabiltzan itaundu deutsunean… Bada, norberarena izandako urian erosotasun handiagoz sartzen da norbera merkatura, tabernara, supermerkatura, katedraleko klaustrora… eta erosotasun handiagoagaz aterpetzen da txubaskeroaren kapelaren azpian, Laugara bidean ez dagoalako arkuperik.

Bi. Laugan bertan, Xilaba txapelketan parte hartu daben bertsolarien zerrendea parra-parra bota ahala, topiko bat gogora, atoan: hoba da kalitatea kantitatea baino. Hamabost bertsolarik parte hartu dabe txapelketa osoan (beste herrialde batzuetan baino gitxiago, “kostau jakie betetea” esan dau batek). Finalean seik kantau dabe (“erreza hemen finalera ailegetea!” beste batek). Baina, maila oneko finala izan da (beste herrialde batzuetakoa baino hobea? Ez dakit, baina, ba zelan neurtzen diran kontuok), bardintasuna egon da estilo-aniztasunean, eta, akordau jat beharbada hoba dala hainbeste bertsolari ez “ekoiztea”, hoba dala “ekoiztetxeetako harremanetan eta egituretan sakontzea”, eta “kalidadezko produktuak” sortzea.

Hiru. Saioko ofizio onenetako bat iruditu jat Maddalen Arzallusek eta Xumai Muruak eskainitakoa. Eta burura ekarri deust sarri pentsau izan dodala ez dakidala oso ondo askotan zer txalotuten dauan entzuleak: bertsolaria, bertsolariaren saiakerea, bertsolariaren mezua… Ezen, konturatuta nago entzuleak bere gustuko edo ildoko bertsolaria gogorrago txalotzen dauala, zer esanik ez bereagaz bat datorren iritzi edo ideia bat botaten dauanean. Eta horrek zalantzan ipini dau, nire golkorako, bertso ona, bertsoaldi ona, txalotzen ete dan inoz. Bitxiak izan ziran zortziko nagusian entzundako eta egindako txaloak: kartzelako zaindari biren ahotik kantau eben Muruak eta Arzallusek, ez eben entzuleak entzun gura ebena bota (“nahiago nuke gaixo iraun baino, lehenbailehen hiltzen balitz” entzutea ez da gauza gozoa), egokitu jaken errolean ondo sartuta kantau eben, txalo jo eutsen entzuleek, baina barruak nahastuta askok, seguru bere. Nire ustez, baina, ofizio legez, onenetakoa izan zan.

Lau. Euren papelean ondo sartuta kantau eben Miren Artetxek eta Sustrai Colinak bere, telefono-konpainiaren bulegoan, Artetxe luzaroan konexino barik egon ostean Colinarenera kexaka joan zanean. Orduko ha akabau eta ondoko lagunari esan neutsen “zenbatean bizi izan dogun halako elkarrizketea hemen eta Parisen… zeozer konpondu guran ibili, berba asko eginarazo… eta bulegotik urtetean sartu zaren moduan egon...”. Tira, aitor daidan: "ederto sartu dira papelean, oso konbertsazino frantsesa izan da hau" esan neban. Ez dakit, baina, “hegoaldeko” entzule danentzat izan ete zan ofizio ona, argi dago erreferentziak ez dirala bat eta.

Bost. Askotan “hegoaldeko” entzuleak azpi-tituluak beharko zituala pentsau neban saioan: asko izan ziran gaietako eta bertsoetako erreferentzia “xilabarrak” (hizkuntzaren ingurukoak, kulturalak, sozialak...). Eta poztu nintzan egin ziralako, poztu nintzan asko harrapau nitualako... eta akordau jatan bi urte bertan bizi izatera aginduko nituala asko eta asko Xilabara, benetan bere egia izan daiten Ametsen agurretik entzuna: “mugaz bestaldekoagaz bat egiten da herria” (ez dot bertsoa atzera topau, eta ez dago mezua hitzez hitz). Baina, ez daigun ahaztu, “hegoaldekoak" dira mugaz bestaldeko "xilaban", "xilabarrak" "hegoaldekoentzat" diren bezainbeste, batzuek besteentzat bardin anai-arreba, bardin arrotz.

Sei. Laster egin genduan bueltea eta… betikoa: asagoago dagoz “hegoaldeko” hainbat herri euren artean, ipar-hego muga bitxi hori tartean daukien beste hainbat herri baino.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu