Euskerearen bestiarioa
2016-10-10 12:56Saioko gidariak itaundu dau: zuen inguruko animalia bat balitz euskerea, zein animalia izango litzateke?
Sugelindea etorri jat niri akordura. Izan bere, munstro txikia da sugandilea, eguzki-sasoian urteten dauena eta batetik bestera arin-arin dabilena, hain dabil arin ikasgeletan eze ia ikusi bere ez dan egiten… eta harrapatu dozula begitantzen jatzunean, baita zera be: eskuan buztana baino ez daukazula geratzen zara, animalia bere osotasunean ikusi edo baliatu ezinik.
Euskerea txakur bat balitz bezela irudikatu dauenik bere egon da saioan: jaubearentzat maitatua da eta laztan egiten ixten deutso; ostera, bildurra eta errespetua eragiten deutsoz ezagutzen ez dauenari.
Katuarenak bide beretik joan dira: zuhurra eta mesfidatia da, zuhurtzia eta mesfidantzea eragiten ditu.
Euskerea balea bat dala esan dau beste kide batek: animalia apala da, lasaia, diskretua, motela… historian zehar ehiztarien erasoak jasotakoa; akabuan, neurriak hartu behar izan dira balea babesteko, galbidean segidu ez egian.
Ohiko irudia izan da azkena: txoria da euskerea, dala txori txikia (eta horixe da gehienetan; txantxangorriarenak bere eukiko dau zerikusirik…), dala txori harrapari handia; kantau egiten dau eta hegaka dabil, airean aske, edozein lekutara ailegetako moduan… txoriaren zaratea entzun, entzuten da, hor dabil kantari… baia, aldi berean, gorde-gordeka dabil.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!