Etxeko gauzen izenak
2016-09-11 15:53Roomba moderno hori Garbi ei da askorenean...
Carmenen etxeko egongelara sartutakoan, atentzinoa jo deusku arasak; jaun eta jabe da egongelako erdi-erdian, balkoitxuaren ondo-ondoan, barruan plater, kopa, pitxar eta kaikuak daukazala. Preguntau deusku ez ete jakun ezagun egiten, etxe zaharrean egoala lehen, Martak lagundu deutsola barrizten: lijau, pintau eta bautizau be egin dabela. Zer deretxozue, gure Ernestori?. Hainbeste denpora emon dabe armario horregaz beharrean eze Martak izena ipini behar izan deutso: Ernesto. Martaren etxean ohitura daukie etxeko tresnei izena ipinteko: Paka da euren etxeko garbigailua, zentrifugatua egiten dauenean eraikin osoa dardara baten ipinten dauena. Esprimidoreari Alejandro esaten deutse: elegante itxurea ei dauka, baia goizetan zer da ba zaratatsua… Aspiradora barriari ondino ez deutse izenik ipini, zaharra Eugenia zan.
Inguruko lagunek be, ba ei daukie ohitura hori, etxeko tresnai izena ipintekoa; roomba moderno hori Garbi ei da askorenean. Rakelek dino laster jaioko dan euren umearentzat ez daukiela izenik oraindino, baia etxeko gauza askok baietz: Peggi da bere autoa, Borja senarrarena; hiru ordenadore daukiez etxean: Angie, Aline eta Maximo. Liburu elektronikoari Rose esaten deutso, eta bere gitarreari Rita; Fernandoren gitarra elektrikoa, barriz, Francesca da.
Gaixo hori nahastau deuskuela eta geu bere hasi gara... Kafetera italiarra ekarri dogu etxera: Berta. Kutxilo txikiari, puntila antzeko horreri, Serafin deituko deutsagu, eta kutxilo nagusiari, Roberto. Esne-ontzi handiari Pako izenak emoten deutso ondo, eta esne-katilu bakarrerako ontzi txikitxuari: Pakito. Handitu egingo da laster familia, baina… ez ete dira laster Piztia eta Ederra filmako Chip, Potts anderea, Fifi, Ding-Dong, Lumière eta garaitikoak legez esnatu eta berbetan hasiko…
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!