Euskararen ganeko diskurtsoak
2016-05-30 13:49Aurreko astean Gasteizko Oihaneder Euskal Etxean izan nintzan Jone Goirigolzarri soziologoak eta Beñat Garaio soziolinguisteak eskainitako Nazio bat, hizkuntza bat? berbaldian.
Goirigolzarrik bere doktoretza-tesiaren barri emon eban: Euskal Autonomia Erkidegoko alderdi politiko nagusien hauteskunde-programak aztertu ditu, alderdi bakotxak azken legegintzaldietan hizkuntzak zelan jorratu dituan agertzeko. Alderdiek zer aurkezten dabe programetan hizkuntzei jagokenez? Zelango hizkuntza-politikak eta ekintzak proposatzen ditue? Zek baldintzatzen ditu ekintzak eta zek baldintzatzen dau diskurtsoa? Euskara ez bestelango hizkuntzak aitatzen ditue? Normalizazinoa dabe ardatz? Norentzat eta zertarako? Balio bera emoten deutse hizkuntza danai? Zelan ulertuten ditue alderdiek hizkuntza-eskubideak? Halango galderai erantzuteko, ekinean ibili da Goirigolzarri akabuko urteotan. Garaiok, bere aldetik, bere master-tesiko lana laburbildu eban; antzeko galderak egiten deutsoz bere buruari, kasu horretan, alderdi bakarrean zentrauta, baina esparru geografiko zabalagoa hartuta: Estatu osoko PPren hauteskunde-programak aztertu ditu, eta alderdiaren hizkuntza-ideologia agerrarazo dau.
Adibide eta sakontzeetan sartu barik, ondorio orokorra argia da: zelango nazino-ikuspegia, halango politikak eta diskurtsoa; zelango politika-ildoak, halango ekintza-proposamenak. Bada, orain arte, alderdiek euskereagazko lotura identitarioak agertu dabez euren diskurtsoetan batez bere, eta euskera nazino-eraikuntzagaz lotu da oro har. Euskararen alderdi ideologikoa, sinbolikoa, nabarmendu da, zeozelan esan, euskararen inguruko diskurtsoetan.
Berbaldi akabuan, entzuleen eta hizlarien arteko trukean, diskurtsoak barritu beharra aitatu zan. Eta, aspaldion, zabil dabiz diskurtsoa barritu beharraren aldeko aldarriak; Goirigolzarriri berari irakurri izan deutsagu alderdiek justizia sozialagaz lotu beharko leukiela hizkuntzea. Bide beretik, Jaurlaritzak abiarazotako Euskararen gaineko oinarrizko diskurtsoen lanketa ekimenaren emoitzen txostenean bertan dinoe adituek, kasurako, inertzia eta jokaera zaharreri aurre egiteko diskurtso eta jarrera barrituak behar dirana, diskurtsoak despolitizau behar dirana, limurtzearen bidea landu behar dana, euskara eremu formaletatik haratagoko bizipenakaz lotu behar dana, balio positiboekin lotu behar dana… Goirigolzarrik eta Manterolak zuzenduta, gaiagaz lotutako ikastaroa prestau dabe ekainaren akaburako UEUn Euskararen biziberritzea: marko, diskurtso eta praktikarako aukera berriak birpentsatzen izenburua dauka. Testuinguru soziala aldatu egin dala eta, eta ezenatoki barriak bestelango diskurtsoak behar dituala eta, modu honetako galderai erantzuten ahaleginduko dira: norantz eta nondik egin behar dira euskerea bizibarritzeko ahalegin barriak? Diskurtso barriak behar dira? Badagoz? Zein praktika izango dira beharrezkoak aurrerantzean?
Nik neuk ez daukat galdera guztientzako erantzunik, baina aspaldion blog honetan agertu ditudan ideia batzuren funtsak barriro bere ekarrita, aspaldion eskuartean darabidazan teoria-marko soziologikoen ildotik, eta Oihanederren entzundakoak piztuta, ideia batzuk agertu gura neukez blog/plaza honetan. Nire ustez, euskerearen balio identitario, ideologiko edo sinbolikotik haratago (eta hori bere beharrezkoa da, baina beharbada ez abiapuntu legez, ezpada helburu legez), lortu behar geunke, Goirigolzarrik dinoan legetxe, euskerearen balio soziala plazaratzea (nik neuk esango neunke justizia-sozialetik haratago), lortu behar geunke euskerea giza harreman aberatsagoak indartzeko tresna dala sinestaraztea, esparru sozial anitzagoetan integratzeko berebizikoa dalako; lortu behar geunke hizkuntza-jakintzen balio kulturala agerraraztea, jendeak pianoa zein pintura ikasteko motibazino bertsua eduki dagian hizkuntzak (eta euskera) ikasteko, hau da, jakintza zabaltzea, kapital kulturala handitzea izan dadila nahikoa motibazino; lortu behar geunke euskerak balio kultural akademiko handia daukala erakustea, jendeak ikusaraztea kokatu egiten gaituela nazioarteko ikerketetan eta biltzarretan, berbarako; lortu behar geunke euskerearen balio ekonomikoa balioestea, ikusaraztea asko eta asko dirana hizkuntza-industrien inguruko enpresak, lanpostuak eta etekinak, eta hori bere, hizkuntzaren gizarte-balioa dala. Eta abar.
Horrexek piztu jataz buru-barruetan Oihaneder Euskal Etxean Nazino bat, hizkuntza bat? berbaldia eta gero, bai eta lerrook irakurri dagiazan bialtzeko gogo bizia bere, nori eta berbaldian topautako hizlariari, aspaldi-aspaldi ikusi bako umetako laguntxu hari, barriro ikusi eta urteetan antzeko bideak jorratu doguzala jakinik asko-asko poztu nintzalako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!