Ez gara itsas nabigatzaileak, baia munduan ibili gura dogu

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2016-05-11 13:18

Ez gara itsas nabigatzaileak, baia munduan ibili gura dogu; horixe esan deutse itzultzaileez Mariya Petrova Pachkova irakasle eta itzultzaile bulgariarrak gaur Letren Fakultadera agertu diran ikasleai eta itzulpenzaleai.

Ez gara itsas nabigatzaileak, baia munduan ibili gura dogu; horixe esan deutse itzultzaileez Mariya Petrova Pachkovairakasle eta itzultzaile bulgariarrak gaur Letren Fakultatera agertu diran ikasleai eta itzulpenzaleai, kontua gero eta jente gehiago gogoberotutea da, eta itzulpenerako bidelagunak topetea, bai alde batera, bai bestera. Bulgariako literaturea itzulpenen eskutik sortu zala akordarazo dau, eta lehen legetxe orain bere itzulpena etorkizunez beterik dagoan tresnea dala, eta baikortasuna dakartzola horrek itzultzaileari.

Barbara Pregelj esloveniarrak Euskal Herriko eta Esloveniako literatur itzultzaileen egoerea eta profilak konparau ditu, eta txakurrak (eta itzultzaileak) mundu osoan ortozik dabilzala akordarazo dau saioan: itzultzaile gehienak autonomoak dira, ez dago gremio-sentimendu bateraturik, sektorea zatikaturik dago, etenik bako negoziazinoan ibili behar izaten dabe itzultzaileek, era guztietako testuak itzuli behar izaten ditue bizibidea egiteko eta, horrexegaitik, literatur itzultzaileak itzultzaile ibilteaz ganera, irakasle, interprete, ikertzaile, editore… ibili behar izaten dau. Egoerea halangoa danez, Barbara Pregeljek konbita egin deutse ikasleai euren proiektuak sortu eta garatu deiezan; bera bere halantxik hasi zala dino: ez dauela inok itzulpen hau argitaratu gura? Bada, neuk eta senarrak sortuko dugu argitaletxea. Halan argitaratu ditu, kasurako, Mariasun Landaren eta Juan Kruz Igerabideren testu batzuk eslovenieraz (gaztelania zubi-hizkuntza dala), eta irakurketa sustatzeko saioak bere gidatu ditu bere herrialdeko eskolatan; artean, Juan Kruz Igerabide ikasle esloveniarrakaz ibili zanekoak kontau ditu; eta bitxikeria bat bere ekarri dau: arraroa begitantzen bajaku bere, haur- eta gazte-literaturan testu gehiago dagoz euskeratik eslovenierara itzulita gazteleratik baino.


Itzultzaile izatea abentura bat dala eta testu bakotxak mundu bat edegiten dauela esan deutse ikasleai Lituaniatik etorritako Laura Liubinaviciute itzultzaileak. Hiru gako emon deutsez: pasinoa, denporea eta mahaiko editorea (testua berrirakurriko eta zuzenduko dauan bigarren pertsonea). Pasinoz itzuli gura izaten daualako dabil bera logistika-kordinatzaile eguneroko beharretan, hain zuzen bere, garaitiko denboran gura dituan autoreak hautatu eta patxada hartuta itzuli ahal izateko. Itzultzailearengan eragiten dauan beste faktore-gako bat bere aitatu dau Katarzyna Sosnowska poloniarrak: zoria. Doktoretza-tesi baterako testu-txatalak eta artikuluak itzultzen hasi zan bera, eta halango baten, zori-kolpe batek jota, proposamena egin eutsen argitaletxe batetik (lehendik itzulita eukazan txatal hareetatik tiraka), literatur itzulpen luzeago bat egiteko; behin merkatuan sartuta, errezagoa dala itzultzen segidutea, horixe da bere esperientzia.

Dudarik barik, Itzultzaile berriak proiektuak euskal munduaren atea edegi deutse itzultzaileoi, eta abentura betean dabiz hara eta hona sei hilebeteotan, idazleak, testuak, lekuak… deskubridu guran. Geroko asmoetan bat egiten dabe: euskera ikasten segidu gura dabe, eta ahal dan neurrian euskal testuak itzuli eta euskaratik itzuli; ganera, zubi-lanak alderdi bietara egin gura ditue, eta etorkizunean eurenetik geurera bere ekarri gura ditue, geugaz lankidetzan, euren idazleak, testuak, lekuak…

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu