Europa bat-batean, itzultzen...

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2016-04-29 12:50

Aurreko postean aitatu nenduan legez, Europa bat-batean ekimeneko pare bat saiotan interprete beharretan ibili nintzan.

Aurreko postean aitatu nenduan legez, Europa bat-batean ekimeneko pare bat saiotan interprete beharretan ibili nintzan. Azken saioa akabau eta, oraindino taula ganean nengoala, entzule bat parajetu jatan, itzulpena/interpretazioa zelan egiten ete genduazan galdezka; eskertu egin nenduan, neure golkorako, entzule haren arretea eta kuriosidadea. Gerora bere, erantzun deutset saio hareetako itzulpen/interpretazinoari buruzko hainbat itauneri, eta pentsau dot beharbada hemen be idazteak bataren baten jakinmina asetu leikela.

Esperientzia aberasgarria da beti bertsosaio bat, bai bertsolari zabizanean, bai entzule zabizanean. Bada, are aberasgarriagoa izaten da bertsosaioak plus bat daukanean eta zeure buruari bestelango erronkea ipinten deutsazunean (edo ipinten deutsienean). Alde horretatik, bereziak izan dira saiook, euki, euki dabelako, neurri handi baten, erronkatik. Ederra da beti norberaren lanbidea eta ikerreremua (itzulpengintzea) eta jolasbidea edo aisia (bertsoa) buztartutea. Entzule, bertsolari, itzultzaile/interprete zein ikertzaile ikuspegitik apur bat gehiago ikasteko/esperimentetako erea eskaini deusten saioak izan dira honeek.

Aurretik han eta hemen izandako esperientzien arabera antolatu eben Mintzolako kideek itzulpen/interpretazino sistemea. Bertsolari kurduak bertso-papelak ekarzan, eta bera gaztelaniaduna be bazanez, saio-aurretik egozan prestauta bere olerkien itzulpenak euskeraz pantailan ipinteko. Garaitiko inprobisatzaileenak (katalanenak eta sardiniarrenak), barriz, bat-batean itzuli ziran taulan bertan. Katalanek kanteten ebenean, bi modutara egin ziran itzulpenak (egunaren arabera): batzutan, zuzenean egin eban itzulpena pantailarako itzultzaileak, katalanetik euskerara; beste batzutan, inprobisatzaile katalanetako batek gaztelaniaz esaten eutson itzultzaileari olerkiaren mezua eta itzultzaileak gaztelaniaz entzundakoa euskeraz idazten eban pantailarako. Sardiniarren kasuan azken modalidade horretan ibili zan itzultzailea saio danetan: sardiniatik etorritako interpreteak gaztelaniaz emoten eutson inprobisatzaileek kantautakoaren barri itzultzaileari, eta azken horrek gaztelania-euskera saltoa egiten eban, ahozkotik idatzira. Alderantzizko komunikazinoa be bermatu egin behar zan, eta kasu horretan, interpretearen figurea zan beharrezkoa, inprobisatzaileen eta sardiniarren interpretearen ondoan: bertsoa entzun ahala, belarrira emoten eutsan mezuaren barri sardiniarren interpreteari edo katalanei eta kurduari, gaztelaniaz (horixe izan da neuk bi saiotan egindako beharra).

Niri neuri interprete-beharrak tokau jataz saiootan, hau da, euskeratik gaztelaniarako saltoan ibiltea ahoz. Bertsoak gaztelaniaz (edo beste hizkuntza baten emoteak) baditu interpretazinoari berari lotutako zailtasunak, batetik; baditu erabilten dan hizkuntza-konbinazinoagaz lotutako zailtasunak, bestetik; eta, baditu, hirugarren geruza baten, bertsoari berari lotutako zailtasunak. Azken horri jagokonez, mezua izan da hizkuntza batetik bestera itzuli izan doguna, eta ondoan erreferentzia kulturalei buruzko oharrak be egin behar izan dira aldian-aldian; errimea, neurria... gatx dira bat-batean emoten, eta horreek entzunaldietan sentiduko ebezan esperantzea geratzen jaku… Dana dala, interpreteen erronkeari eutsita, saiatu ginan diskurso-muetak eta baliabide-estilistikoak ahal legez transmitiduten...

Lehenago be ibili izan dira txapelketatan, kasurako, bertso-interpretazino langintza honetan interprete adituak (eta euren gogoetak be plazaratu izan ditue aldizkarietan). Bada, kasurako aurreko lotura horretan ipini dodan artikuluan jasoten diran erronketako gehienak halantxe, dagozan-dagozanean, sinatuko neukez neuk bere (adibideak baino ez dira aldatzen). Halan da ze, Europa bat-batean ekimeneko saiook bidea emon deustie bertso-itzulpenean ibili izan diran beste batzuen gogoetak neure azalean bizi izateko.

Saiook bide emon deustie, baita be, hizkuntzearen mugen inguruan eta hizkuntzen kudeaketearen ganean hausnartuteko (aurreko posta da horren erakusgarri). Eta saiook bide emon deustie jente jakintsua, interesgarria eta maitagarria ezagutzeko.

Nire aldetik, lehenago idatzizkoan baliatu izan dot bertsoa itzulpenetan. Joan zan urtean Shakespeare bertsotan emoteko saiakerea egin genduan, kasurako (jaso genduan horren barri blog honetan, eta baita sakonago Senez aldizkarian be). Nire aldetik, lehenago ibili izan naz inoiz edo behin atzerritik etorritako lagunai bertsoak belarrira itzultzen (lagunarteko testuinguran beti). Lehenago, ibili izan naz atzerriko ikasleai bertsoa zer dan azaltzen eta bertsoren baten itzulpena eta azalpena emoten. Baina, oraingo honetan bereziak ziran saioak: ez naz ibili idatzizko itzultzaile edo lagunarteko saioetan, ez naz ibili orain arte legez entzule, bertsolari, aurkezle, gai-jartzaile edo kazetari... lehenengoz ibili naz kanpoko inprobisatzaileakazko zubi-lanetan eurak be performancean parte hartu behar ebenean. Alde horretatik, erantzukizun handiz bizi izan dodaz saiook, komunikazinoa bermatzeko gako bihurtuta nenbilelako, eta ikusgai gengozalako, jentaurrean (ohi ez bezela), taula ganean.

Entzuleak gure beharraz eta zailtasunaz konturatu ete diran, horixe itaundu deuskue itzultzaile/interpreteoi eta, zer esan... ikusgai gengozan aldetik, eta aurkezleek egiten genduan beharraren barri emon dabenez gero, konturatu bai, konturatu dira entzuleak. Zailtasunaz konturatu ete diran... batzuk beren-beregi esan dabe baietz, behintzat. Dana dala, danean legez, danatarik egongo zan: batzuri gatxago, besteeri errazagoa begitanduko jaken beharra; izan bere, erlatiboa da zailtasunaren eta erraztasunaren kontua: bertsotan egitea bera be batzuri errazagoa eta besteeri gatxagoa begitanduko jake (praktikan dago gakoa, eta kontua da ez dela orain arte abagune askorik egon bertsoa itzuli/interpretatu behar izateko).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu