Mundu bat, hizkuntza-anitza, hizkuntza danatatik pasauta, hizkuntza bat bera bere isildu barik

Erabiltzailearen aurpegia Ardi Txikia Beti Bildots 2016-04-19 20:01

Europa bat-batean ekimena martxan da egunokaz: Euskal Herriko zazpi probintziak pasauko ditue inprobisatzaile sardiniarrek, katalanek eta kurduek bertsolariakaz batera. Hizkuntza gitxituetan egindako ahozko inprobisazinoa ikusgai egitea izan da Mintzolaren eta DSS2016ren asmoetako bat nazinoarteko inprobisatzaileen topaketa honetan.

Europa bat-batean ekimena martxan da egunokaz: Euskal Herriko zazpi probintziak pasauko ditue inprobisatzaile sardiniarrek, katalanek eta kurduek bertsolariakaz batera. Hizkuntza gitxituetan egindako ahozko inprobisazinoa ikusgai egitea izan da Mintzolaren eta DSS2016ren asmoetako bat nazinoarteko inprobisatzaileen topaketa honetan, eta hango eta hemengo inprobisatzaileak alkarregaz kantuan ipini ditu: lekuan lekuko inprobisazino-formak ikusi eta entzuteaz ganera, alkarregaz egiten dabe bat-batean sardiniarrek eta euskaldunek, katalanek eta euskaldunek... musikeagaz lagunduta sarri askotan.

Joan zan domekako saioan, Hernanin, taulan egotea tokau jaten, ez kantuan, interprete-beharretan baizen. Bada, akabuko agurrean bekainak jaso nituan Maialen Lujanbiok kantau ebanean haixe mundu bat zana, Mundu bat gaztelania eta ingelesetik pasatu gabe. Seguruenik, keinua horretan geratuko zan, keinu hutsean, hurrengo egunean blog bateko post baten izenburu legez topau izan ez banendu.

Izan be, bat nator post horretako kronikeagaz, salbu eta izenburuko gaztelaniatik pasau barik horregaz. Interpreteen eta itzultzaileen bidez da posible halangoetan komunikazinoa eta, hain zuzen bere, sardiniarren, katalanen, kurduen eta euskaldunen arteko trukea gaztelania zubi-hizkuntza dalarik da posible ekimen honetan: bertsolariek euskeraz esaten dituenak xuxurla esaten deutsiez belarrira sardiniarren interpreteari gaztelaniaz, harek gaztelania-sardiniera zubi-lanak egiteko; gaztelaniaz jasoten dabe katalanek eta kurduak bertsolarien esanen barri; olerkari kurduak gaztelania daki, berak autoitzuli ostean egiten dira bere bertsoen euskerazko bersinoak; sardiniarrek kantetan dituenak interpreteak esaten deutsoz gaztelaniaz pantailan euskeraz jasoten dituan transkribatzaileari… Eta, nago, entzuleek katalaneri ulertzen deutsezan berba apurrak gazteleraren urretasunetik pasuata ulertzen dituela... Lantzean, katalanez egiten deutse euskaldunek, lantzean italieraz egiten deutse euskaldunek sardiniarrei baina komunikazinoa bermatzen dauen hizkuntzea gaztelania da.

Blog honetan bertan aspaldion itzal egin dau hizkuntza-aniztasunaren kudeaketeak eta oraingoan bere, bide beretik: zergiatik ostondu hizkuntza-aniztasunaren kudeaketa beharrezkoa dan egoera honetan gaztelania baliatzen dana? Gaztelaniatik pasauta egin dira itzulpenak bertsolarien eta inprobisatzaileen artean, bai, baina txarto be ez, ezta? Oraingo honetan, behintzat, gaztelania ez da inposatutako hizkuntzea, zubi-hizkuntzea baino. Oraingo honetan, behintzat, gaztelaniak ez ditu hizkuntza gitxituak isildu, kontrara: ahotsa emon deutse eta alkar komuniketako bidea emon. Aikor ba hizkuntza hegemonikoaren alde ona, behingoan! Gaztelania jakitea, gaztelaniatik pasetea eta gaztelaniaz egitea positiboa da halangoetan (tresneriaren erabileran dago gakoa; sua be zertarako erabilten dan...). Halan da ze, ez deritzot gaztelania erabili izanari ostondu beharrekoa, eta gurago neuke mundu bat, hizkuntza-anitza, hizkuntza danatatik pasata, hizkuntza bat bera bere isildu barik edo gisako izenbururen bat…

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu