Mihin puntan!
2016-04-14 12:37Sur le bout de la langue! (Mihi puntan!) izena eukan joan zan eguenean Sorbonne Nouvelle- Paris 3 unibersidadean Gaston Miron bibliotekan antolatutako performanceak. Montre moi ta langue (Erakutsi mihin/hizkuntza hori!) izeneko proiektu zabalago baten barruko ekitaldietako bat izan zan, zeozelan, sorkuntzea eta akademia buztartzeko jardunaldi bati akabua emoteko gogoetarako jaialdi modukoa.
Sur le bout de la langue! (Mihi puntan!) izena eukan joan zan eguenean Sorbonne Nouvelle- Paris 3 unibersidadean Gaston Miron bibliotekan antolatutako performanceak. Montre moi ta langue (Erakutsi mihin/hizkuntza hori!) izeneko proiektu zabalago baten barruko ekitaldietako bat izan zan, zeozelan, sorkuntzea eta akademia buztartzeko jardunaldi bati akabua emoteko gogoetarako jaialdi modukoa. Proiektu zabal horrek lantzen dituan gaiak dira hizkuntza-aniztasuna, hizkuntzen kontaktua, askotariko hizkuntzak era batera agertzea, sormena, itzulpena, ahotsa, soinua, itzulpenaren doinua.
Nicolas Frize konpositorearen gidaritzapean ibili ziran performanceko parte-hartzaileak (danak be Paris 3 unibersidadeko ikasleak eta irakasleak, proiektuan parte hartzeko aurrez izena emondakoak). Bibliotekan alderrai ibili ziran 10 bat hiztun, batak bere ez ebala ondokoaren hizkuntzea ezagutzen (euskerea, tamul, txinatarra, galegoa, alemana, wolof, grekoa) eta, nork bere hizkuntzan berbak esaten zituan, edo berbetan hasten zan. Hizkuntzen arteko alkarrizketa bitxia sortu zan: alkarrizketa kolektibo bat elikatzen eban euretako bakotxak, baina alkar ulertu barik. Harako ahozko akarrizketa hareek tarteka kantu bihurtu ziran, tarteka hasarrealdi, tarteka poema, tarteka aldarri, tarteka xuxurla (konpositoreak lantzean baino ez eban agindua emoten, musika tresnen bitartez, doinuetan gora egin egien, soinu poetikoagoz berba egin egien, poza adierazoteko... etab.). Entzuleok, kasurako, hizkuntzaren bat ezagutzen genduan, eta hizkuntza batzuk gertukoak baziran bere, beste batzuk urrunekoak genduzan. Zentzua ulertzen ez danean, musikalidadean eta hiztunaren keinu eta gorpuzkeretan ipinten da arretea, eta hain zuzen bere, horrexek igarri eta ezagutu genduzan batez bere, soinuak, dinamikak, tonuak, begiradak, isiltasun-uneak, emozinoak, hiztunen arteko konekzinoak... Zer izango ete da, hiztun batzuk gehiago trukatzen eben euren artean beste batzukaz baino. Baina hori ez da hizkuntza kontua, ezta? Truke ulergatxek eragindako konbinazioak askotariko interpretazinoetarako bide emoten dau, eta sormena aberasten. Musikariak egon ziran bertan, harako alkarrizketa harek eragindako sentimenduetatik abiatuta euren tresnei musikea ateraz, zuzenean. Nik, euskal hiztunak lantzean nire begiradea bilatzen ebala ikusita, ulertzen nauzu, ezta? esateko moduan, pentsau neban ederra dala hizkuntza aniztasunaren doinu-aniztasuna... baina, akabu baten, ulermena behar dauela personeak eta, hizkuntza-aniztasunaren kudeaketan, ezer behar bada, itzulpena dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!