Hizkuntza-hautuak, elebitasuna, itzulpena, etikea eta abar
2016-03-28 19:20Hizkuntzak batzutan oztopo dira, hizkuntzak batzutan inposaketa dira; beste batzutan zubi (hizkuntza berberok). Edizino eleanitzak batzutan hizkuntza txikia agerrarazoteko tresna dira; beste batzutan hizkuntza handiak berragerrarazoteko bide.
Azken asteotan baten baino gehiagotan etorri jat gaia (komunikabideetan eta bestelako mintegietako antolakuntzan), bila joan barik, eta aspaldi egindako gogoeta-gaia azaleratu da: hizkuntza-hautuak eta hautugileen etikea. Izan bere, mintegi bat zein hizkuntzatan egingo dan, zein hizkuntzatara egin behar (ete) dan itzulpena hautatu behar danean, edo autore batek zein hizkuntzatan idatzi edo argitaratu hautatu behar dauenean, halango ala bestelango edizinoan... hautugilearen, talde jakin baten edo gizartearen jardunbide etikoak agertzen dira eszenan.
Gurean berezkotzat jo geinkezan hizkuntzeagazko hartu-emon batzuk interesgarri dira nazinoarteko ikerkuntzan, eta interesez hartzen ditue gaia jorratzen daben artikuluak; halan da ze, orain urte pare bat, Itxaro Bordari (eta beste hainbat euskal idazleri) itzulpen-ohiturei buruzko galdetegi bat erantzunarazo neutsen, hizkuntzeagazko eta itzulpengintzeagazko loturea aztertzeko. Orduko galdetegi haretan, nabarmentzeko moduko ideia begitandu jatan Itxaro Bordak plazaratutakoa: frantsera egiten zituan bere testuen itzulpenaren bidez frantsesagazko bakea sinatzeko bidea topau ebala autortzen eban. Bada, irudipena daukat berak, bai, sinatu dauela bere inguruko hizkuntza hegemonikoagazko bakea, baina beste hainbatek ez dabela oraindino bide hori jorratu. Hori jatort burura egunokaz agertu diran kritikak ikusita; izan bere, gaia berbagai izan da komunikabideetan, bere azken lana elebitan (euskeraz eta frantsesez) argitaratu dauela eta jaso dituan kritikak tarteko (ikusi, berbarako, Berandu baino lehen saioan egiten deutsien alkarrizketea eta gaur bertan naiz webgunean argitaratutakoak).
Horreek eta aspaldion suertautakoak gogoan, elebitasunaren eta hizkuntza-aniztasunaren abanderatuak jatortaz burura, euskereak agertu behar dauenerako elebitasunari gorasarre egiten deutsien horreek... Baina, frantsesa zein espainola agerrarazoteko testu elebidunak egin behar diranerako, gatxagoa ei da banderea ataratea. Bada, ez nator ni abanderatuen edo banderarik bakoen alde egiten, nire asmoa gaia agerrarazotea baino ez da, eta batez bere, non, zelan, zergaitik eta zertarako-etan sakondu behar geunkela adierazotea, testuinguruak askotarikoak dirala ikusarazotea, gurea halangoa edo bestelangoa izanda bere kilometro gitxiren bueltan faktoreak aldatu egiten dirala ikusita.
Kasuak eta kasuak dagoz, testuinguruak eta testuinguruak: hizkuntzak batzutan oztopo dira, hizkuntzak batzutan inposaketa dira; beste batzutan zubi (hizkuntza berberok). Edizino eleanitzak batzutan hizkuntza txikia agerrarazoteko tresna dira; beste batzutan hizkuntza handiak berragerrarazoteko bide. Nire eretxiz, kontua berragerpen horren helburuan datza, eta unean-unean hizkuntzeagazko daukaguzan harreman politikoan eta afektiboan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!