Nazinoarteko biltzarretara, zertan?
2016-03-15 11:29Herriko euskera taldearen berrabiaratze-argazkira joateko modurik ez daukazula esan deutsezu, kongresu batera zoazela eta egun hori bidaian egingo dozula.
Herriko euskera taldearen berrabiaratze-argazkira joateko modurik ez daukazula esan deutsezu, kongresu batera zoazela eta egun hori bidaian egingo dozula. Desertorea zarela pentsau dau batek, herri-proiektu horrek beste garrantziarik daukanik ez dagoala munduan besteak, nazinoarteko mintegi horretara zertan zoazen ulertu barik; izan bere, zer egiten da ba halango kongresuetan? Barre-algarea egin dau hirugarrenak. Areto dotore baten sartu, berbaldi bat entzun eta inoren kontura bazkaldu, afaldu zein koktela hartzen dozun irudipena daukie, antza (hori, hamaka baten etzunda imajinetan ez bazaitue, halango piña kolada bat hartzen).
Ez ei dabe ikusten, gai zehatz eta jakin baten inguruan berba egiteko deialdi bat egin dala lehenengo, gaiagaz lotutako proposamen idatzi bat bialdu dozula gero (mintegiak onartzen dituan hizkuntzetako baten, normalean euskerea ez dan beste baten) eta komite zientifiko batek erabagi dauela zein proposamen onartu (eta azken kasu honetan, kasurako, jasotako proposamenen erdiak geratu dira kanpoan, kongresua egun batez luzatzea erabagi badabe bere).
Eskola-orduak errekuperetako egutegia antolatzeaz ganera, proposamenagaz bat egiten dauen berbaldia prestau dozu eta hantxe agertu zara, munduko ikertzaileek zure berbaldiari zer iruzkin (on zein txar, danatarik egoten da) egingo deutsen, zer galdera egingo deutsuen... (ez dot aitatu baia, bidaia, lo-lekua zein otorduak zeuk ordaintzen dozuz, eta sarri baita kongresuan parte-hartzeko kuotea be ordaindu behar izaten da; suberte apur bategaz, ikerketa-taldeak gasturen bategaz laguntzen deutsu, baina ez ahaztu akabuko urteetan ez dagoala ikerketarako dirurik).
Hori dana halan izanik, zertan zoazen, ez dauala ulertzen esan deutsu lagunak: hainbeste behar eta neke, zertarako? Bada, itaundu deutsazu bere enpresako buruak zertan ete doazen makina-erramintaren azokara zein bestelako ferietara. Bada, zeu horrexetara zoazela, hareek legetxe; kongresuak azoka edo feria antzeko zeozer dirala, bertan batzen dirala gai jakin baten inguruko adituak eta ideia barrienak eta jokera nagusiak, eta bertara zoazela ideia horreek zeure egitera, eta geure alorrera apliketako dakarzuzala etxera. Aaaa... eta bide batez (zure gaia hori dalako), zeure hizkuntzearen eta nazioaren barri emoten dozula munduan, mitoak desagerrarazoten, eta hizkuntzearen inguruko sistema eta merkatuak ikusarazoten, eta uste dozula holan bere sortzen dala herri-argazkia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!